Bihar amaituko da deskontu bonoa erabiltzeko epea

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 29a, 13:48

Herriko establezimenduetan erabiltzeko deskontu txartelak banatu zizkieten ekainaren hasieran herritar guztiei, 'Errotaherria' kanpainaren barruan. Udalak gogorarazi du bihar dela txartel horiek erabiltzeko azken eguna. 

COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoak arintzeko asmoz jarri zuen abian Zumaiako Udalak Errotaherria kanpaina. Ekainaren hasieran herritar guztiei herriko establezimenduetan gastatzeko erosketa txartelak banatu zizkieten, eta bihar izango da txartel horiek erabiltzeko azken eguna. 

Ondokoak dira txartela erabiltzeko irizpideak: horietako bakoitzak 20 euroko balioa du –5 euroko bonoetan zatigarria izango da–, eta onuradun den herritar bakoitzak 40 euroko gastua egin ahal izango du; beraz, 60 euroko balioa duten produktuak eskuratuko dituzte, eta horietatik 40 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte. Erosketa txartel bakoitzaren 20 euroko aldea Zumaiako Udalak jarriko du, Gertu merkatari elkartearen bitartez.