Lanuzteak areagotuko dituzte Siemensen hamar lankideren kaleratzea gelditzeko

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 28a, 15:03

Siemenseko langileek lanuzteak areagotzea erabaki dute enpresak egin nahi dituen kaleratzeak salatzeko. 

Enpresa batzordeak eta langileek ohar baten bidez azaldu dutenez, ostiralean bildu zen zuzendaritza enpresa batzordearekin. Bertan, hamar kaleratze gauzatzeko asmoa duela azaldu zion enpresak batzordeari. "Gure desadostasuna erakutsi genion. Kaleratze horiek egiteak zentzurik ez zuela adierazteaz gain, etorkizunerako zer plan zituzten ere galdetu genien, eta oraindik ez dizkigutela emango adierazi ziguten", esan dute. 

Siemenseko langileek gaineratu dutenez, enpresak aste honetan bertan jakinaraziko die hamar langileri kaleratuak izango direla. "Horren aurrean, enpresa batzordetik langile guztiei mobilizazioak areagotzeko proposamena luzatu diegu". Atzo eta gaur bitartean egindako asanbladatan proposamena aurkeztu zuten, eta baita bozkatu ere. Hala, Siemens Engine SSAUko (GUASCOR) langileek mobilizazioak areagotuko dituzte, "gure 10 lankideak ez kaleratzeko, edo berriz lanean hartzeko".

Abuztuaren amaieran, oporren bueltan, indartuko dituzte lanuzteak. "Bi, hiru eta lau orduko lanuzteak planteatu dizkiegu langileei. Abuztu amaieran lau ordukoak egingo ditugu; irailean bi ordukoekin hasiko gara, eta asteko egunean ordubete gehiago egingo dugu, hila amaitzerako lau orduko lanuzteak eginez", gehitu dute.