Valentin Manterola: “Inkonformista izaten saiatzen naiz, eta beti ari naiz aldatzen”

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 20a, 17:30
Argazkia: Juan Luis Romatet.

Valentin Manterola (Zumaia, 1946) artista zumaiarrak bere azken lanak erakutsi ditu Alondegiko Oxford aretoan. Aspalditik ez zuen izan bakarkako erakusketarik bere jaioterrian, eta pozik da izaten ari den erantzunarekin. 

Uztailaren 9an zabaldu zuten erakusketa, eta hunkituta dago Manterola han bizitakoarekin. “Alkatea egon zen irekieran, koroak ere abestu zuen, eta ilobak lore sorta bat oparitu zidan. Oso pozik nago, omenaldia zirudien”, dio Mari kalean duen estudio-etxebizitzan egindako elkarrizketan.

Erakusketa zabaldu duzu Oxforden. Nola doa?
Erakusketa oso ondo doa. Ikusleak pixkanaka sartzen doaz. Nik uste sorpresa ere hartzen dutela, ez zutelako espero halako koadro handiak jartzea. Koadro handi hauetan ikusten da margolariaren ofizioa, nik uste. Kolore aldetik, esaten didate urdin aldera egin dudala. Lehen okrea edo gorria gehiago erabiltzen nuen, baina egia da konturatzen azkena ni neu naizela. Koadro denak inguruan izan ditudanean, hor ikusi dut urdinerako joera dudala. Beti gustatu izan zait urdina.

Joera aldaketa hori ez da izan aldez aurretik pentsatutakoa.
Ez, ez, hala atera zait. Gero erakutsiko dizut egindako poema bat, Azul izenekoa, orain urte batzuk idatzi nuenekoa, ‘gauzak’ idazten nituenekoa. 

Zure lanak azkenekoz Zumaian erakutsi zenituenetik urteak pasa dira.
Izango dira zortzi edo hamar urte, halako zerbait. Hor formatu txikiko lanak erakutsi nituen. Gero, erakusketa kolektibo batean parte hartu nuen Anton eta Julian Eguigurenekin, eta Irene Iruretarekin. Hor lau koadro erakutsi nituen. Bakarkako erakusketa hartan formatu txikiko obrak erakutsi nituen, eta pentsatu nuen ondo egongo zela orain formatu handikoak egitea. Gero, koadro txiki batzuk ere sartu ditut. Pentsatuta nuen obra bakoitzaren kokapena, eta lanak jaitsi nituenean primeran egokitu ziren aretora. Leihoetan ‘leiho’ batzuk jarri nituen, hemendik [estudiotik] ditudan ikuspegiek inspiratutakoak. Beti izan dut Zumaiarekin lotura duten lanak erakusteko joera.  

Erakusketarako propio egindako lanak erakusten al dituzu?
Bai, bai. Agian izango da aurretik egindako lanen bat, baina bestela erakustetarako atera zaizkidanak dira. Bukatu dudan bat edo beste apartatu egin dut. Bidean koadro asko geratzen dira. Betetzen ez nautelako, edo bukatzeko zerbait falta zaielako; ez dakizun zerbait hori ez duelako. Ez dakit gehiegi eginda dagoen, edo gutxiegi. Zazpi t’erdiko jokoa bezala da. Berdin, berdin, berdin. Edo pasa egiten zara, edo motxegi geratzen zara. Zazpi t’erdi hori lortzen baduzu, ez dela erraza... [eskuekin keinu bat egin du hemen]

Eta nola dakizu lan bat, koadro bat, amaituta dagoela?
Sentitu egiten duzu. Egun batzuk geroago berriro begiratzen baduzu, eta akatsik ez baduzu ikusten... Behin bodegoi bat egin nuen, eta zintzilikatu nuen. Begiratzen nuen eta zerbaitek funtzionatzen ez zuela nabari nuen, baina ez nekien zer zen. Hogei bat egun ondoren konturatu nintzen: zurizko espazio bat zeharkatzen zuen marra bat zuen. Koadroa mozten zuen, baina ez nintzen konturatu. Nik, behintzat, hala egiten dut lan.

Zure estiloa ezaguterraza da. Koadroa ikusi eta badakizu Valentin Manterolarena dela. 
Orain urte asko, lehiaketetara joaten nintzenean –orain ez naiz joaten–, Avilara [Espainia] joan nintzen, eta 1.062 koadroren artean bigarren saria eman zidaten. Handik bi urtera 900eta piko koadroren artean lehen saria eman zidaten. Beno, lehen urte horretan sari hobeago jaso nuen. Donostiako margolari batekin bere koadroa ikusten ari nintzen. Nire koadroa ikusi nahi zuela esan zidan. Margoen basoa zen hura! Joan ginen, eta distantzia handi batetik esan zidan: “hura da zure koadroa!”. Galdetu nionean nola ezagutu zuean, koloreagatik, estiloagatik izan zela esan zidan. Beste koadroengatik bereizten zen. 

Ez duzu aldatzeko beharrik sentitzen?
Inkonformista izaten saiatzen naiz, eta beti ari naiz aldatzen. Ni neu konturatzen naiz solteago edo puskatuago egiten ditudala, koloreak garrantzia gutxiago duela. Baina hala ateratzen zait, nahi gabe. Urte asko noa pintura munduan, eta aldatzen joaten zara. Zure koadroez inguratzen zaren arte ez dakizu nora zoazen. Nire estiloa neofiguratiboa da, baina beti nahi izan dut abstrakzio horren barruan zerbait ikustea. Hori da nire estiloa, nik nahi dudana.  

Hainbeste urte pinturan, oraindik obra berria egiteko beharra sentitzen al duzu?
Uneak daude. Goiz batean nire bizitza osoko koadro handiena margotu dezaket, eta agian hilabeteak pasa daitezke gero pintzela altxatzeko gai ez naizena. Gogoa da, uneak dira. Misterio bat da. Ez dut errutina batekin lan egiten, margotzeko bultzada behar izaten dut. Batzuetan ez duzu ideia bat bera ere; paseatzera ateratzen zara, eta argi bat pizten zaizu. Mihisea zikintzen hastea gustatzen zait, ideia batekin, eta agian hor zerbait ikusten duzu. Agian hurrengo egunean alde batera utziko dut, ez zelako unea, sentitzen nuen une horretan bertan bukatu behar nuelako. Normalen hasi eta bukatu nahi izaten dut une berean, baina gero berriro ikusi behar izaten dut. Esan bezala, zazpi t’erdi hori eduki behar izaten du. Adin bat dut, eta koadro asko, asko ikusi ditut. Badakit zer nahi dudan, edo noraino heldu nahi dudan. Bilaketa bat da. Batzuetan konturatzen naiz aurrera egin dudala, edo atzera. Nire adinarekin, nola egin dezaket hori.  

Erakusketa uztailaren 26ra arte dago zabalik Alondegiko Oxford, egunero 18:30etik 20:30era, eta asteburu eta jaiegunetan 12:30etik 14:00etara, eta 18:30etik 20:30era.