COVID-19a ez hedatzeko herritar guztien erantzukizuna eskatu dute alderdi politikoek eta ostalariek

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 17a, 19:14

Inguruko herrietan izan diren koronabirus kasuek ardura eta kezpa piztu dute Zumaiako Udala osatzen duten alderdien artean. Zumaian halakorik ez gertatzeko, herritar guztien erantzukizuna eskatu dute hiru alderdiek. Herriko ostalariek ere bat egin dute udalaren deiarekin. 

Sei puntuz osatzen den jakinarazpen bat onartu dute Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden alderdiek: EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk. Jakinarazpen honekin bat egin dute herriko ostalariek ere. Aste honetan bertan bildu dira alderdiak eta ostalariak gai honi buruz hitz egiteko.

Idatzian gogoratzen dutenez, ospakizunek edota pertsonen kontzentrazioek COVID-19a transmititzeko arriskua dakarte, "eta herritar guztion erantzukizuna da arrisku hori saihestea". Gogorarazten dute  maskararen erabilera derrigorrezkoa dela.

Uda garaian jairik ospatuko ez dela ere adierazi dute. "Ez Gala Eguna, ez Euskal Jaia, ez Kuadrilla Eguna eta ezta Olarru Eguna ere. Beraz, herritarrei eta gizarte eragileei eskatzen diegu jairik edo ekitaldirik ez antolatzea eta ez ospatzea". 

Jairik ez, baina kultura edo entretenimendu jarduerak, eta ikuskizunak izango direla baieztatu dute. "Betiere edukiera kontrolatuz eta pertsonen artean gomendatutako distantzia fisikoa mantenduz". 

Ostalaritzari dagokionez, Osasun Sailaren azken aginduak gogoratu dituzte: maskara derrigorrezkoa da, distantzia fisikoa –1,5 metro– mantendu behar da, hamar lagunetik gorako taldeak ezin dira osatu, eta establezimenduz kanpo kontsumitzea debekatuta dago. Gogoratu dute, baita ere, ordutegiak ezin direla luzatu eta, beraz, neguko astegunetako itxiera ordua izango dela indarrean: 01:00a 2. mailako establezimenduentzat, eta 02:30 3. mailakoentzat. "Honekin batera, elkarte gastronomikoei ere ordutegi hori errespetatzea dagoekiela adierazi nahi dugu". 

Jende pilaketak izaten diren guneak saihestea eskatu du udalak, "hala nola, Arranpla, Ondartxo plazako eskilarak, Upela plaza eta beste antzeko edozein. Halaber, kalean zurrutean jardutea erabat debekatuta dago, eta gazte lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera egitea ere bai".

Azkenik, jakitera eman dute Zumaiako Udalak harreman estua duela Osasun Sailarekin, eta edozein arrisku egoera sortuko balitz, unean bertan jakinaraziko zaiela herritarrei, hartu beharreko neurriekin batera. "Beraz, zurrumurruak ez direla informazio iturri egokia".