Positiborik egon ez bada ere, Flysch Erretegia "prebentzio moduan" itxi du momentuz bere jabeak

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 16a, 12:49

COVID-19aren aroa, zurrumurruen garaia ere bada. Kirol portuan ireki berri duten Flysch Erretegia koronabirus kasu positibo batekin lotura duelakoan itxi dutela zabaldu zen atzo mezularitza zerbitzu baten bidez. Kasu positiborik egon ez dela, eta erretegia "prebentzio moduan" itxi duela azaldu du haren jabeak.

Pasa den ostegunean zabaldu zuten erretegi hau, eta egun hauetan izandako ustezko kasu positibo batek haren irekiera ekitaldiarekin lotura zuela zabaldu da WhatsApp bidez. Erretegiko jabeak gezurtatu nahi izan du zurrumurruan esan dena. "Nire lagun baten lagunak positibo eman du; nire lagun hau koarentenan dago une honetan, eta harekin kontaktuan egon garenez, zuhurtziaz, erretegia ixteko erabakia hartu dugu".

Astebururako erreserba ugari zituztela adierazi du, baina, "prebentzio moduan", nahiago izan du itxiera aurreratu, horrekin gerta daitezkeen "arriskuak ekiditeko". "Ez dut nahi nire erruagatik gaitza gehiago zabaltzea. Nire ardura da gauza ahalik eta azkarren egitea. Nire lagun honek PCR proba pasa behar du. Emaitza negatiboa bada, berehala zabalduko dugu erretegia. Baina emaitza positiboa bada gu geu sartuko gara berrogeialdian", azaldu du. 

Kalari gaur zabalduko dute

Pasa den astean itxi zuten Kalari tabernak gaur zabalduko ditu berriro ateak. Langileei egindako PCR probek negatibo eman dute, eta taberna ere desinfektatu dute denbora honetan. Hala, udalaren baimena du berriro zabaltzeko, eta asmoa gaur bertan irekitzea du bere arduradunak.