Irekita jarraituko dute udan organikoaren eta errefusaren edukiontziek

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 13a, 14:05
Errefusaren eta hondakin organikoaren edukiontziak.

Martxoaren erdialdetik ez da txartelik behar errefusaren eta organikoaren edukiontziak zabaltzeko. COVID-19aren hedapena saihesteko hartutako neurrietako bat izan zen, eta udan ere hala jarraituko dutela jakinarazi du Udal Elkarteak.

Urola Kostako Udal Elkarteak erabaki du organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekita mantentzea udan, COVID-19ari aurre egiteko aurrez hartutako segurtasun neurriei jarraipena emateko.

Uda garaian ere dei egiten die Udal Elkarteak herritarrei edukiontziak behar den bezala erabili eta hondakinak ondo sailkatu ditzaten. “Hondakinak behar den bezala sailkatzen jarraitu behar dugu; frakzioak bereizigta, dagokien edukiontzian. Erabat debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldean uztea”, nabarmendu du Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakariak. Gaineratu du “maiz” ari direla desinfektatzen edukiontzi inguruak.

Bolumen handiko altzariei dagokienez, dagokien unean eta era ordenatuan ateratzeko eskatu du Udal Elkarteak. Zarautzen, asteazken iluntzea da altzari horiek ateratzeko momentua, 20:00etatik 22:00etara. Garbigunera hondakinak edozein unetan eraman daitezkeela gehitu du UKUEk bere oharrean, eta azaldu du kosta bailarako hiru garbiguneak zabalik daudela, ondoko ordutegian: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:30era; larunbatetan, 10:00etatik 12:30era eta igande eta jaiegunetan itxita; abuztuan, astegunetan goizez soilik zabalduko dute.

Burutzeko, “erantzukizunez” jokatzeko eskatu die herritarrei Salsamendik. “Ezin gara lasaitu birziklatzeko orduan, denok jakin behar dugu gure ingurunea zaintzen, eta gure esku dago ondo birziklatzea. Guztion osasuna babesteko modu bakarra da erantzukizunez jokatzea; baita bilketa zerbitzuko langileena ere”, berretsi du lehendakariak.