Ander Torriko: “Aurrerapauso bat eman nahi izan dut nire kirol ibilbidean”

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 8a, 08:39

Ander Torrikok (Zumaia, 1997) bi urterako kontratua sinatu du Iruñeko Anaitasuna eskubaloi taldearekin. Fitxaketaz eta koronabirusaren ondoriez aritu da zumaiarra.

Iruñeko Anaitasuna klubarekin jokatuko duzu datorren denboraldian. Fitxaketa egon egongo zela aspaldi entzun genuen, baina berrestea kosta da.

Bai, birusaren kontu honekin zalantza asko zeuden. Anaitasunak gauzak ondo egin nahi izan ditu, eta lehenbizi etxeko jendea lotu du. Horren ondoren iragarri dituzte fitxaketa berriak.

Anaitasunarekin sinatu aurretik Santanderren aritu zara, Sinfin taldean. Zergatik aldaketa hau?

Koronabirusagatik liga amaitutzat eman zen, eta dena airean geratu zen. Kontratua bukatu egiten zitzaidan maiatzean, baina berritzeko eskaintza jaso nuen. Nire errendimenduarekin eta taldeari egindako ekarpenarekin gustura zeudela zioten. Anaitasunak iaztik nigatik interesa erakutsi zuen, eta eskaintza bat egin zidan. Aurten ere berriro deitu zidaten, eta talde batek halako interesa erakusten duenean, badago zerbait. Azkenean, buruari buelta asko eman ondoren, erabaki dut Iruñera gerturatzea.

Ez da izan, behintzat, Santanderren giro txarra zegoelako.

Ez, ez. Han oso gustura egon naiz; ikasten ere han nengoen. Horregatik kostatu zait hainbeste erabaki hau hartzea. Bai ikasketak, bai taldean nuen rola [taldeko goleatzaile nagusia izan da], bai entrenatzailearekin nuen harremana, bai taldean zegoen giro ona... Dena ondo zihoan.

Dena aldekoa bazen, zergatik aldaketa?

Kirol aldetik begiratuta hartu dut erabakia. Azken finean, Sinfin taldea orain bi urte igo zen zilarrezko mailatik, eta Asobal ligan debuta egitearekin batera heldu nintzen ni Santanderrera. Lehenengo urtea positiboa izan zen: lehen buelta oso ona egin genuen. Bigarren urte hau gogorragoa izan da. Asobal liga oso parekatua dago, baina Sinfin taldea ez da inoiz Europako postuen lehian izango, edo, behintzat, Errege Kopa jokatzeko aukera ematen duten lehen zortzi postuetarako borrokan. Anaitasuna, berriz, orain bi urte Europan lehiatzen ari zen. Nire kirol ibilbidean aurrerapausoa eman nahi dut, eta hori izan da arrazoi nagusia Anaitasunarekin fitxatzeko.

Helburua, beraz, Asobal ligan goiko postuetarako borrokan sartzea izango litzateke.

Hori da nire helburu pertsonala, eta uste dut taldearena ere baietz. Anaitasuna talde historikoa da, ezaguna. Azken bi urteak ez dira oso onak izan emaitza aldetik hau bezalako talde batentzako, baina asmoa berriro pauso hori ematea da. Sinfinekin alderatuta, aurrekontuak ezin dira parekatu. Anaitasunak urtero asko aldatzen ditu jokalariak, horretarako baliabideak dituelako. Aurten aldaketa asko izango dira; dagoeneko hiru iragarri dituzte, eta oraindik beste pare bat geratzen dira.

Gaztea zara, goleatzailea. Zer eskaini diezaiokezu Anaitasuna bati?

Entrenatzailea ere berria da, Quique Dominguez, eta esan duenez, baloratu ditu dudan erraztasuna, atera hurreratzerakoan dudan bertikaltasuna, eta dudan abiadura. Uste dut horiek direla nik taldeari eskaintzea ditudan gauzak.

Nolako taldea osatuko duzuela uste duzu?

Nire aurretik aurkeztu dutena Juan del Arco da, Espainiako selekzioan aritutakoa. Izen handiko jokalaria da, eta nik uste asko emango diola taldeari. Hegaleko guztiek berritu dituzte kontratuak. Nirekin selekzioan aritu zen Antonio Bazan oso ondo aritzen da defentsan, eta gaztea da, ni baino urtebete zaharragoa. Taldea mantendu da. Espero fitxaketek emaitza ona ematea, eta ea talde lehiakorra lortzen dugun. Talde asko plantilla osatu gabe geratuko dira. Birusagatik aurrekontuak jaitsi egin dira orokorrean, eta talde asko kili-kolo geratuko dira.

Espainiako eskubaloiak krisialdia izan du azken urteetan. Orain, koronabirusarekin agian egoerak okerrera egingo du?

Ekonomikoki argi dago igarriko dugula. Eskubaloia dezente jaitsi da azken urteotan, eta pixkanaka, progresiboki, ari zen berriro indarra hartzen, baina birusaren ondorioz atzerapauso bat izango dugula uste dut. Ea taldeak pixkanaka errekuperatzen joaten diren. Babesleen laguntza beharko dugu horretarako.

INEFeko ikasketak ari zara egiten. Santandertik Iruñera joateak eragingo dizu?

Espero dut bi urte hauetan amaituko ditudala ikasketak. Hori da nire helburua, eta ikasketekin Santanderren jarraitzeko asmoa daukat. Irakaslearekin hitz egingo dut nire egoera zein den azaltzeko, eta uste dut distantziara, modu telematikoan jarraitzeko arazorik ez dudala edukiko. Azterketak egitera bakarrik joan beharko nuke Santanderrera. Iruñean badago unibertsitatea, baina justu nik egiten dudan karrera ez dute eskaintzen. 

Koronabirusagatik liga eten egin zen. Gogorra izango zen.

Martxoaren 13a edo 14a zen, eta Errege Kopako norgehiagoka ikusten egon ginen Madrilen. Hurrengo partida Valentzian genuen, Saguntoren aurka. Asteartean egin genuen azken entrenamendua, eta egun bat geroago, asteazkenean, presidenteak esan zigun komunikazio baten bidez klubaren egoitzan bilduko ginela birusaren inguruan hartutako erabakiak jakinarazteko. Hasiera batean esaten zen ateak itxita jokatuko genuela partida, baina egoera ikusita, esan ziguten etxean gelditu behar genuela berriz abisatu arte. Hilabete pasatxoz Santanderren egon nintzen. Presidenteak nahi zuen jokalari denak etxean egotea, lasai. Gero, esan zuten lehen etxebizitzara mugitzea zegoela, eta orduan klubari baimena eskatu nion, eta Zumaiara itzuli nintzen. Hemen egon naiz azken bizpahiru hilabeteotan.

Ez zen erraza izango egoera horretan forma fisikoa mantentzea.

Ariketa fisikoak etxean egin behar izan ditugu. Diziplinaduna bazara, errutina batzuk jarraitzen dituzu etxean, eta hauek ondo eramanda, pisuan mantendu zaitezke. Talde askok aurretik hasiko dituzte denboraldi-aurreak. Bestela, martxoaren erdialdetik abuztura arte geldirik zaude. Orain, arinaldiko fase hauetan, gimnasiora joateko aukera duzu. Ez da gauza bera, baina errealitatetik hurbilago zaude. Uztailaren 21ean hasiko ditugu entrenamenduak.   

Sinfinek nola bukatu zuen denboraldia?

Jaitsierarik ez zen egon, baina liga amaitu zenean Cangas eta Huesca ziren azken sailkatuak, eta hurrengoa gu ginen. 13 puntu genituen, eta jaitsieratik bi puntura geunden. Gero, erabaki zuten ez zela jaitsierarik izango. Beheko mailatik bi talde igo ziren, eta denboraldi berrian 18 taldez osatuko da Asobal liga.

Benidormen jokatu duzu, Santanderko Sinfinen eta orain Anaitasunan. Egonkortzeko gogorik ez al duzu?

Ni Santanderren gustura geratuko nintzatekeen, baina esan dizudan bezala, helburu handirik gabeko taldea zen. Ea hemendik urte batzuetara badituen, hitz txarrik ezin dut esan eta harengatik. Orain Anaitasunara noa, eta ea nola moldatzen naizen taldean. Iruñean egonkortzeko gogoa badut.