Duela hilabete batzuk sortu zuten ur gezarako putzua Garbigunearen eta Urola ibaiaren artean. Putzu hori bera egokitzeko saioa egin dute gaurkoan hamar lagunek. Dagoeneko euri urez bete da hezegunea, eta intsektu txikiak eta anfibioak hasi dira gerturatzen.
Leku hori bera hezegunea zen duela hamarkada batzuk, eta autobidea egin zutenean bertan pilatu zituzten harriak eta lurra. Inguruan zeuden hezeguneak lehortu egin ziren, eta eremu horretako biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko eta espezie mehatxatuei laguntzeko egokitu dute putzua.
Aranzadi Zientzia Elkarteak deitu du saioa, eta Urola Itsasadarreko paduren kontserbazio eta berreskuratze lanen proiektuaren baitan kokatzen da. Aranzadik duela 20 urte baino gehiago egin zuen mikrohezeguneak berreskuratzeko apustua, ingurumenean duten garrantziaz jabetuta. Urteotan 300 mikrohezegune sortu edo egokitu ditu elkarteak, "biologikoki aberastasun handikoak diren mikrohabitatak" sortuz. Hala, Euskal Herriko hezegune sare zabal eta egonkorra egituratu dute urteotan guztiotan. "Putzuek, urmaelek, arekek… osatzen dute hezegune izeneko eremuen barruko dibertsitatea. Eta horiek dira gure inguruko aniztasun biologikoaren zati handi bat gordetzen duten ekosistemak. Baina, aberatsak ez ezik, ekosistema hauskorrak ere badira, eta askotan, tamaina handiko hezeguneak ez bezala, mikrohezeguneak ez dute babesik jasotzen", argitu du Aranzadik.