Hondartzetan erabiltzeko gida

Baleike 2020ko uzt. 2a, 10:08

Hondartza denboraldia atzo hasi zen Zumaia. COVID-19ak baldintzatutako uda sasoia izango da, eta Zumaiako Udalak arduraz jokatzeko eskatu die hondartzetako erabiltzaileei. Hala, segurtasun neurriak jarraitzea errespetatzea eskatu die. 

Hondartzetako sarreren eta irteeren, edota Gipuzkoako Foru Aldundiak Aztirekin batera abian jarritako aplikazioaren berri ere eman du gida antzerako honetan. 

Arau eta gomendio orokorrak:

  • COVID-19arekin bateragarria den sintomak badituzu ez joan hondartzara
  • Hondartzan egonaldi laburrak egin: 2-3 ordukoak
  • Sarrerako eta irteerako seinaleak errespetatu
  • Finkatutako edukiera errespetatu
  • Tartea utzi zurekin bizi ez diren pertsonekin
  • Ezin izango da taldekako kirolik egin hondarretan
  • Eskuak maiz garbitu eta desinfektatu
  • Eztula edo doministiku egitean, estali ahoa
  • Haurrei prebentzio-neurriak betetzen lagundu
  • Zure hondakinak hondartzaz kanpo dauden edukiontzietan edo paperontzietan bota
  • Sorospen-zerbitzuen aginduak eta gomendioak errespetatu
  • Dutxak modu jasangarrian erabili eta segurtasun tartea gorde
  • Ez partekatu toalla edo bainujantzirik

Sarrerak eta irteerak:

Hondartzetako sarrerak eta irteerak araututa egongo dira aurtengo udaran.

Itzurun hondartza

Itzurun hondartzaren kasuan, hondartzaren eskubiko aldapatik sartu beharko dira herritarrak; hondartzatik irteteko, berriz, ezker aldeko eskailerak erabili beharko dituzte. Kantinara joateko eskubi aldeko eskaileretatik jaitsi beharko dira.

Sarrera: eskubiko aldapatik (eskubiko eskailerak kantinara jaisteko bakarrik erabiliko dira)

Irteera: ezkerreko eskaileretatik

Santiago hondartza

Santiagoko hondartzan aldapa erabiliko da sartu eta irteteko. Portutxikiko eskailerak hondartzatik ateratzeko bakarrik erabiliko dira; kantinara bertatik igotzen direnak aldapa erabili beharko dute hondartzara itzuli nahi badute.

Hondartzara sarrera eta irteera: ezkerreko aldapatik (eskubiko bidea kantinara joateko bakarrik erabiliko da)

Padura eta Zuloaga familiaren etxaldearen arteko bidexkatik ezin izango da hondartzara joan, baina herritarrek bertan paseatu ahal izango dute, orain artean bezala, eta betiere eremu babestua errespetatuz.

Nik Hondartzak app-a:

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak aplikazio bat jarri du martxan herritar guztien eskura, horren bidez hondartzak zenbateraino beteta dauden jakiteko, datuak une oro eguneratuta.

Deskargatu Nik Hondartzak app-a: Apple / Android

Biometria bidez aforoa kontrolatzeko tresna bat izango da, eta semaforo sistema baten bidez aurkeztuko ditu datuak. 15 minutuero eguneratuko dituzte datuak, eta hondartzen betetze mailaren aurreikuspena ere egingo du sistemak.

Itzurun hondartzaren kasuan, Amaiako plazan semaforo moduko bat ere jarriko du datozen egunotan Udalak, hondartzara iritsi aurretik betetze maila zein den jakiteko.

Itzurun, itsasgoran itxita:

Aurtengo udan ohikoa izango da Itzurun hondartza tarteka itxita egotea, marea goian dagoenetan edo marea biziak direnetan. Itsasgora baino lehenago pixkanaka hondartzatik ateratzeko eskatuko diete sorosleek hondartzan denbora gehien daramaten herritarrei.

Tarte horretan herritarrek ezingo dute hondarretan egon; surfa edo bestelako jardueraren bat egin nahi dutenek horretarako aukera izango dute, betiere, hondartzan toalla edo bestelakorik uzten ez badute.