Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolan saioa izango da larunbatean

Baleike 2020ko eka. 23a, 10:59

Zumaiako Udalak eta Lurgaia Fundazioak elkarlanean antolatu dute ekimena. Ostegunera arte eman daiteke izena.

Larunbaterako, hilak 27, auzolan saioa antolatu dute Lurgaia Fundazioak eta Zumaiako Udalak. Santiago hondartzako dunetan espezie exotiko inbaditzaileak kentzeko eta kontrolatzeko saioa deitu dute. 
 
Udalak jakinarazi du 18 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dutela, eta info@lurgaia.org helbiera idatzi beharko dute izena emateko, osteguneko 13:00ak baino lehen. Ezinbestekoa izango da maskara jantzita eduki eta zehaztutako irizpideak betetzea. Horrez gain, koronabirusaren sintomarik izanez gero, saioan parte ez hartzeko eskatu dute. 
 
Lurgaia Fundazioak azaldu du balio ekologiko handiko eremua dela Santiago hondartza, baina espezie exotiko inbaditzaile ugari dagoela bertan. Oenotera glazioviana, Onagra, Connyza sp edo Carpobrotus bezalako espezieak modu artifizialean sartutako landareak dira, eta espezie autoktonoek bete beharko luketen lekua hartzen dute. Espezie exotiko inbaditzaileak arazo izugarria eragiten dute mundu osoko biodibertsitatean, eta dunak bereziki sentikorrak dira espezie horiekiko. Lurgaia Fundazioko kideek azalpenak emango dituzte saioa hasi aurretik, landareak identifikatu eta modu seguruan ateratzeko.