Arrangoletako Haurreskola gaur zabaldu dute berriro

Baleike 2020ko eka. 22a, 10:03

Alarma egoera bertan behera utzita, gaur hasi da lanean Arrangoletako haurreskola, lau umerekin. Zumaiako beste haur eskola, Aita Mariko Eskola Txikia, oraindik itxita egongo da umerik ez duelako. 

Haurreskolatik adierazi dutenez, umeak haur eskoletan hasteko baldintza bat zegoen, eta zen bi gurasoek presentzialki lanean egon behar zutela. Horren ziurtagiriak aurkeztu behar izan dituzte beraien haurrak eskolan hasteko. 

Haurreskolak Partzuergoak helarazitako kontingentzia plana aplikatuko dute Zumaiako zentroan ere, eta horiek denak betetzea garrantzitsutzat jotzen dute kutsatzeak ekiditeko. Hauek dira zehazten diren neurriak.

  • Haurrekin 2 metrotako distantzia ezingo dutenez mantendu, hezitzailee maskara jantzita edukiko dute uneoro. 
  • Etxetik haurreskolara doazenean, nahi izanez gero haurreskolako atariraino gauzak uztera eta haurraren aulkitxoa sartzera sar daitezke gurasoak, baina gehiago ez. 
  • Heldu bakarra etorri ahal izango da, bai haurra ekartzera eta bai haurra jasotzera. Beste gurasorik egongo balitz sarreran itxaron egin beharko du.
  • Haurreskolara sartzen direnean maskara jantzita dutela sartu beharko dute, sarreran eskuak garbitzeko hidrogela egongo da, eskuak garbitu eta patukoak jantzi beharko dituzte. 
  • Jarraian, haurrei tenperatura hartuko zaie eta 37ºko tenperaturatik gora edukiz gero, ezingo dira haurreskolan gelditu. 
  • Haurreskolara joateko arropa berezia erabiltzea gomendatzen da, baita hori egunero garbitzea eta aldatzea ere. Haurreskolara sartu bezain pronto, haurrei haurreskolan bertan egoteko dituzten zapatilak jarriko zaizkie. 
  • Familiek astean bitan (astelehen eta ostegunetan), eredu bat bete beharko dute non zehazten duten beraien ustetan beraiek eta beraien haurrak ez dutela COVID19-a. Eta beraiek dakitela gaixotasuna duen norbaitekin kontaktuan ez direla egon. Horrez gain, haien inguruko norbaitek sintomarik izango balu lehenbailehen jakinarazi beharko dute. 
  • Etxeko jostailurik ez ekartzea gomendatzen da. 
  • Ahal den gehiena haurreskolatik kanpo egongo dira, COVID19-ak elementu naturaletan ez baitu bizirauten. 
  • Banan-banan bazkalduko dute eta hamarretakoa ere norberak ekarri beharko du berea. 
  • Familiek ezin izango dute haurreskolako komuna erabili.