Zumaiako Eskubide Sozialen Kartak manifestazioa deitu du ostiralerako

Baleike 2020ko eka. 17a, 10:24

Zumaiako Eskubide Sozialen Kartak manifestazioa egingo du herrian ostiral honetan. Gurrutxaga plazatik abiatuko da, 19:00etan, eta hainbat kale zeharkatu ondoren, leku berean bukatuko da.

Manifestazioa deitu duen taldeak azaldu duenez, bizitzaren kalitatea bermatzea izango da eskakizun guztien ardatza. "Aspaldidanik atzemandako gabeziak COVID-19aren ondorioek larritu besterik ez dituzte egin, eta horregatik funtseskoak dira neurri batzuk gauzatzea".

Neurri horien artean daude, besteak beste, 1.080 euroko gutxienezko pentsioa; 1.200 euroko gutxienezko soldata; eta sistema publiko unibertsal eta doakoa, besteren artean, osasungintzan , irakaskuntzan eta bizitzarako zaintzen alorretan. Horiez gain, jaiotzetik heriotzaraino pertsonek dituzten beharrak asetzeko, arreta publikoari eta doakoari begira, 10.000 lanpostu berri sortzea ere eskatu dute, bizitza kezka sozialen erdigunean jartzeko xedearekin.

Egoera administratibo irregularrean dauden pertsona guztien arregularizazioa ere eskatzen dute, "batik bat inmigranteena, askok ekonomia izkutuan dihardutelako".

Amaitzeko, fiskalitate sistema berria abian jartzea ere eskatzen dute, "aldaketak finantziatzeko". Zentzu horretan, zergen bidez gehien duenak gehiago ordaintzea eskatzen dute.