“Ixolamenduaren” bertsoak

Jon Maia Soria 2020ko eka. 14a, 11:09

Koronabirusaren mundu mailako krisialdiaren aurrean nik ere zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Ezin nuen burua beste ezertara jarri. Zer egin dezaket, hemendik, nigandik, egoera honen aurrean laguntzeko? Komunikabideetan munduan zehar hainbat artista hasi ziren ekimenak aurkezten krisialdiaren aurrean. Zer egin dezaket nik?

Nire jakinduria teknologikoa oso mugatua da, bertsotan bakarkako saio bat ere ezin dut egin zuzeneko batean, Twitter kontu bat baino ez daukat sare sozialetan leiho pertsonal bezala…

Eta lehenengo egun hartan bertan bi buelta ere eman gabe honako hau bururatu zitzaidan, guregana iristen ari zen eta zer zen oraindik oso ondo ez genekien krisialdiaren aurrean: egoerak kaltetuta zegoen jendeari bertso pertsonalizatuak egitea, egoeraren aringarri suerta litezkeela iruditzen zaionarentzat. Honelaxe jarri nuen Twitterren mezua:

Berehala ikusi nuen “Ixolamenduaren” bertsoak ekimen boluntarioa izugarri hedatzen hasi zela. Euskal Herri osotik eta zenbaitetan gure mugetatik kanpo ere iristen hasi zitzaizkidan eskaerak. Eskaera bakoitzari, Twitterreko mezu pribatu bidez, hartzailearen informazio pertsonalizatua eskatzen diot, eta, horrela, bertso pertsonalizatua egin dezaket. Normalean inork ez du eskatzen bere buruarentzat, beti egoera honetan kaltetuta dagoen hirugarren batentzat. Sistema sinple baina zuzen honek, dozenaka lagunekin harreman zuzena eman dit eta askotan izan dut sentsazioa zirrikitu pribilegiatu batetik ari naizena ikusten besteen etxeetan gertatzen ari dena. Hau guztia lehen lerrotik bizitzen ari naizen sentipena daukat. Kontuan harturik egun askotan ordu batzuk ematen ditudala eskaerei erantzuten, oso murgilduta sentitu izan naiz mundu mailako krisialdi honen zurrunbiloan. Are gehiago, negar ere egin izan dut iritsi zaizkidan hainbat kasurekin eta bertso bakoitza benetako medizina dosi aringarri bihurtu dadin nire ahalegin osoa egiten dut. Oso gogorra da, esaterako, zure bertsoa jaso duen norbait hil egin dela esaten dizutenean. Lau kasutan gertatu zait hori, ospitalean ingresatutako ama, aitona edo dena delakoarentzat bertsoa egin, agian zure zaleak direlako, edo besterik gabe bertsozaleak eta gero harremana mantentzea eskatzaileekin. “Zer moduz doa aita’” eta erantzunak “borrokan… ezin berarekin egon.. emailez helarazi diogu zure bertsoa.. audio mezu batean bidali diogu…” eta halako batean, “azkenean hil egin da”. Gogorra da. Aldi berean konturatu naiz zer babesgabetasun egoeran harrapatu gaituen olatu honek eta nolako zabala den kaltetuen kasuistika, balkoitik edo telebistatik ikus daitekeena baino askoz zabalagoa.

Lehenengo egunetan eskaera uholdea izan nuen. Urgentziaren araberako errenkadan egiten nituen eta egunean 20 bat bertso egiten hasi nuen bidea.

Ekimenak oihartzuna izan zuen, eta ETB1eko Ahoz aho saioan elkarrizketa egin zidaten, Noticias de Gipuzkoa, Garan, Radio Euskadin, Baleiken…, eta horrek guztiak biderkatu egin zituen eskaerak. Elkarrizketa batzuei ezezkoak ematen hasi nintzen, batez ere telebistakoei, eskaera erauntsia areagotu ez zedin.

Lehenengo eskaera Zestoatik iritsi zen Juan Mari preso ohia hil berri, pertsonalki ezagutzen nuen, gainera, eta bere lagunek ezin behar bezala agurtuta eskatu zidaten bertso bat ea egingo nien. Halaxe egin nuen. Asko izan dira ordutik doluetarako, hiletetarako egin ditudan bertsoak, egoera lazgarria benetan, ama, anaia, alaba, amona ezin heriotzan lagundu, ezta agurrean ere.

Haurdunaldi eta jaiotza ugariri idatzi dizkiet bertsoak. Erabat bakarrik dauden amona eta aitona ugariri ere bai. Urtebetetze zapuztuak asko. Ezkontzak ere bai, batez ere lehenengo asteburuan. Osasungintzako edo zerbitzu sozialetako langile ugarirentzat ere egin ditut, baita bikote harremanetan daudenentzat ere, isolamenduak eten dituenak, esaterako. Banandutako aita edo amen mezuak seme edo alabentzat, bisitak galdu dituzten presoen senideentzat, elkarte eta erakundeentzat… Segidan jarriko ditut hemen batzuk. Ulertuko duzuenez, gehienek informazio intimoa dute eta ezin ditut argitaratu baimenik gabe; beraz, hauek argitara atera direnetakoak dira, edo izenik edo informazio pribaturik ez dutenak.

Urtebetetzean zorionduarekin elkartu ezin duen familiak, emandako zenbait datu zehatzen bueltan egindako bertsoa, bideo dei bidez amari kantatzeko:

Amatxo maite, ezin elkartu,

Zure ospakizunean

Ai Arrateko amak birus hau

kendu dezala unean!

Seme alabak hazi gaituzu

bihotzez, maitasunean

gaur eman ezin dizugun muxu

hoiek etorkizunean

Haundiagoak izango dira

Batzen garen egunean!

Ospitaleko azken zuloan ari diren garbitegiko langileak animatzeko, jadanik jubilatuta dagon beren lankide ohi batek eskatuta:

Ospitaleko azken txokoan

ezkutuan gehienean

arrisku gehien duen lekuan

gehien behar den unean

Garbitegian, dena ematen

ari zarete lanean

zuentzat dira txalo guztiak

nire balkoitxo gainean

Milioi bat esker, milioi bat muxu

bizitzaren izenean!

Euskal Herriko Aek-ak eskatuta, isolatuta eta etxetik ikasten ari diren 10.000 ikasleentzat:

Milaka ikasle zuen etxetan

isolatuta zaudete

baina euskara ez da hustuko

nahiz eta gelak ez bete

zenbat ahalegin, zenbat denbora

zenbat amets, zenbat neke

Zenbat “baneki”, zenbat “bagina”

zenbat “ahal da”, ”baliteke”

Beste baldintza bat sartu zaigu

ez muga eta ez epe…

isolamendu oro hizkuntzen

azkena izan daiteke

baina ikasleak, zuek bai, zuek

nola utzi esateke…

etsipenaren birusarentzat

antidotoa zarete

Hiru urte pasa eta gero, kalerako lehenengo baimenak zapuztuta geratu zaizkien Altsasuko gazte kartzelaratuei bidaltzeko, beraien aita eta amek eskatuta:

Izan liteke gutun luze bat

Esku bat edo besoa

Izan liteke ukabilkada

Zerurantz estu jasoa

Izan liteke mezu batekin

Zeruan doan usoa

Manifestapen jendetsuena

Senide baten pausoa…

Zerk ematen du berotasuna?

Zerk babes keinu goxoa?

Zerk hausten du isolamendua

Zerk laxatzen du lazoa?

“Birus” ugarik okertu arren

Altsasuko arazoa…

Zuek zaudeten lekura beti

joango da nire bertsoa

Ereintza dantza taldeari, urtebete pasa lantzen eta entseatzen jardundako proiektua bertan behera geratu delako estreinaldiaren atarian:

Urte luzean landua eta

mimo handiz ikasia

estrenatzeko ordua heldu

eta a ze desgrazia..

baina lan hori egina dago

beraz.. jaiotzen hasia!

nahiz eta orain nagusitu den

birus txar honen sasia

Eder ta harro loratuko da

erein duzuen hazia

Bere bikotekide presoarekin lehen bis a bisa galdu duenak eskatuta, ziegara bidaltzeko:

Hau da hau marka hainbeste urte

dira bion artekoa

hasi zenetik eta ordua zen

jauzi bat egitekoa

baina Korona izenarekin

beste birus bat? nahikoa!

Pazientzia ta umorea

antidoto perfektoa!

Maitasuna da isolamendu

denen aurkako txertoa

Eta hau, Sabeletik mundura webgunetik eskatuta, haurdun eta isolamenduan dauden guztientzat:

Ontzian sartzen garen garaian

Ez dago iragarria

Nola izango den gure bidaia

lasaia edo larria

Inork ez zuen espero mundu

mailako aldagarria

sentitu, hausnartu, zaindu ta hartu

barne munduei neurria

Une hauetan maitasuna da

gure lehen lokarria

sabeletik mundura sortzen den

bizitzaren aldarria

neguak beti iragartzen du

datorren udaberria

Zuen barruan daramazue

biharko mundu berria

Jangeletako lankideentzat eskatua:

Nahiz ta zuek lan egin

Jakiak ematen

zuei ez dizuete

eman gura jaten

zuen etxetan ere

Ondo jan dezaten

Birus honen aurretik

Ondo zenekiten

Birus patriarkalak

Zer egin dezakeen

Urdulizeko DBHko ikasleei, irakasleen partetik:

Ikasleak ez daki

Zer den datorrena

Ez eta irakasleak

Hau da eromena

Agian da ikasgai

Garrantzitsuena

Egoera hontatik

Ikasiko dena.

Herbeheretan bizi den athleticzalea, Kopako finalerako txartela erosita zuena, udan etorri ezingo dena eta hara joatekoa zen familiaren bisita zapuztuta geratu zaiona:

Herbeherea ia

dugu herri bera

Eta finala ez da

beti bukaera

Beti egongo dira hor

Aita ama, arreba

Udan gozauko duzu

Kuadrilaz batera

Ta Kopako txapeldun

gu izango gera!

Santelmoetarako eginiko bertso sortatik, honakoa

Berotu dizkiogu

munduai bizkarrak

Ta orain gure kontra

datoz garai txarrak

ez gaitezela izan

paeteko hamarrak

Txoaskiñek bezela

eutsi zumaiarrak!!

Nafarroako Zaraitzu bailarako Gartxot ekimenekoek eskatuta, elkartekideak animatzeko:

Zaraitzun hots bat aditu dugu

ilunean, mezulari

oreinak erne zutitu dira

Orhira igo da Mari

ilargitara zabaldu dira

Eguzki-lore ugari

Ehunka uso eta arrano

irten dira hegalari

Harrotu dira pago ta mendi,

ur jauzi eta emari

Leihoetara atera gara

Eta jarri gara adi…

isolamendu oro gaindituz

Eskutan lau ttantta gari

Elkorretatik ari da Gartxot

esperantzari kantari

Hau Gasteizko farmazialari elkarte batek eskatuta:

Farmazietan eta Gasteizen

gauza jarri da serio!

Milioi bat esker botikariei!!

Jende askok hala dio!!

jendea doa gaixo ta kezka

beldur eta istorio

aholkutxo bat, jarri bertsoa

ere zuen gomendio

ez du sendatzen baina bihotzai

mesede egiten dio!

Bakarrik isolatuta egoteaz gain, anorexia duen neska bati:

Gizarte honek ematen digu

gorputzaren eredua

Estereotipo eta kanonak

zer infernu, zer zerua

ikus ezazu alde onetik

gure isolamendua

kanpo eragin gabe bilatu

egizko pentsamendua

munduko leku ederrena da,

maitatu zure burua

Azkenik, Radio Euskadiko Boulevard saiotik eskatuta, honako hau:

Besarkada irrati bidez

kezkaz zaudeten deneri

Bakarrik zein haurdunaldian

gaixolarri edo eri

Osasuneko langileei

lana galdu duteneri

Azaleko hainbat gauzatan

Bizi izan gara igeri

Baloreen aroa dator

Nik zuri eta zuk neri

Ikasiko dugunarekin

Mundu berri bat sor bedi

Horrelaxe, beraz, hau idazten ari naizen egunean, 250 bertso inguru egin ditut, eta jarraitzen dut, ttanttaka-ttanttaka egunero idazten, orain lasaiago dagoeneko. Elkar zaintzeko unea da.

Osasun langile askok bere bizitza utzi dute gaixoak artatzen. Maker-ek maskarak eta ekipamendu babesgarriak egin dituzte musu truk. Herrietan zaintza eta boluntario sareak sortu dira, gurean Gaztetxeak eta Udalak elkarrekin sortua bezalakoa. Eskerrik asko, bide batez, Zumaiako gaztedi eskuzabal eta kontzientziatu horri. Ni horrekin geratzen naiz. Beste mundu bat posible dela erakusten ari zaizkigun modu, kera eta jarduera berri guztiekin. Oxala betirako geratuko balira lezio hauek guztiak.

Nahiago nuke honek ikustaraziko baligu zeintzuk diren benetan lehentasunak bizitzan, harremanak, bizitza bermatuko diguten zerbitzu publikoak, osasun sistema publiko indartsu bat eta ez orain daukaguna, prekarietatearen aurka benetan egingo duen gizarte ekintza. Pandemia honek agerian utzi dituen gure sistemaren zulo guztiak ez ditzagun ahaztu.Gure desarrollismo eta kontsumo neurrigabea ez dela jasangarria planetarentzat, gure desberdintasun sozialak eta aberastasunaren banaketa desorekatua gure biziraupenaren kontrakoak direla. Sortu dugun munduko pobreziak ez digula uzten pandemia honen kontra borrokatzen, bigarren eta hirugarren mailako munduak sortu ditugulako, honi aurre egiteko baliabiderik gabekoak. Oxala gai izango bagina egoera honi, gure bizitzetan inoiz ahaztuko ez dugun eta mundua alda dezakeen bizipen honi, alegia, txarrenari ,onena ateratzeko.