Astelehenean irekiko dute Zumaiako Musika eta Dantza eskolako matrikulazioa

Baleike 2020ko eka. 6a, 18:28

Ekainaren 8tik 11era Musika eta Dantza Eskolako ikasleentzat egongo da zabalik matrikulazioa. Ikasle berriek ekainaren 15etik 18ra eman ahal izango dute izena.

Datorren astelehenetik ostegunera irekiko dute Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako ikasleentzat matrikulazio epea. Matrikulazioa automatikoa izango da bertako ikasleentzat, eta baja eman edo ikasgai berri batean izena eman nahi dutenek jakinarazi egin beharko dute.

Musika Tailerreko 3. mailako ikasleek musika-tresna aukeratzeko lehentasuna izango dute, eta hauek ere datorren astean egin beharko dute aurrematrikulazioa. Horiei ekainaren15eko astean ziurtatuko diete plaza. Ikasle berrientzako epea, aldiz, ekainaren 15etik 18ra irekiko dute.

COVID-19ak sortutako egoera dela eta, matrikulak eta bajak telefonoz (943 - 86 11 83) edo musikaeskola@zumaia.eus posta elektronikoz egitea lehenetsiko dute ahal den neurrian. Norbaitek eskolara bertaratu beharko balu, hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da. Era berean, aurrerantzean Musika eta Dantza Eskolan edukiko dituzten baldintza eta arau berriak laster jakinaraziko dituztela adierazi dute.