Balenciagak arraina prozesatzeko eta garraiatzeko ontzi bat eraikiko du Norvegiarako

Baleike 2020ko mai. 27a, 11:15
Argazkia: Astilleros Balenciaga.

Izokinarekin lan egiten duen Norvegiako Samlaks As taldeak 40.000 tona ekoizten ditu, eta ontzia enkargatu diote Zumaiako ontziolari.

Samlaks AS talde norvegiarrarentzat arraina prozesatzeko eta garraiatzeko ontzi bat eraikiko du Balenciagak. Norvegiako talde horrek urtean 40.000 tona izokin ekoizten ditu, eta ontzia enkargatu diote Zumaiako ontziolari. Maritime Engineering AS eta Artic Group ontzi konpainiekin batera diseinatu eta garatuko du eraikuntza Balenciagak.

Lantegia eta prozesatzeko ekipoa Stranda Prolog AS eta Optimar AS enpresek egingo dituzte; ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko eta garbitasuna eta arrainaren kalitatea mantentzeko helburuarekin diseinatu dituzte. Uzta biltzeko 120 tonelada/orduko ahalmena du, eta sei hilketa lerro ditu. Hozteko ontziaren edukiera, berriz, 600 metro koadrokoa da.

Motor nagusia eta ontziaren sorgailuak IMO Tier III araudia betetzeko diseinatu dira, Balenciagak jakinarazi duenez. Gainera, etorkizunean bateria eta hidrogeno soluzio hibridoetarako prestatutako ontzia da. 

Balenciagaren arabera, ontzi horrek ingurumen aztarna murrizten lagunduko du, baita arrainen ongizatea hobetzen ere.