'Barrutik' lehiaketetako sariak banatu dituzte

Baleike 2020ko mai. 20a, 16:19

Irabazleak zoriondu eta parte hartzaileei eskerrak eman dizkiete Udalaren izenean. Gertu elkartearen dendetan erabiltzeko erosketa bonoak eskuratu dituzte irabazleek.

Gaur eguerdian banatu ditu Zumaiako Udalak Barrutik argazki eta literatur lehiaketetako sariak. Marina Bidasoro Kultur zinegotziak eta Maddi Aldalur Euskara eta Hezkuntza zinegotziak banatu dizkiete sariak irabazleei, eta Udalaren izenean eskerrak eman dizkiete parte hartzaile guztiei. 

Etxealdia arindu eta sormena sustatzeko asmoz antolatu zituen Udalak bi lehiaketak. Argazki lehiaketa izan zen lehenbizi, eta literatur lehiaketa ondoren. 

Argazki lehiaketara, 150 argazki aurkeztu zituzten zumaiarrek. Igor Alday Garatek eskuratu du helduen saria, eta Nahia Garcia Lopezek gaztetxoena. Udalaren eskutik, Gertu merkatari eta ostalarien elkartearen saltokietan erabiltzeko 80 eta 60 euroko erosketa bonoa jaso dute, hurrenez hurren. Parte hartzaileen artean Gerturen 50 euroko bi erosketa bono ere zozkatu dituzte, eta Sonia Alvarezi eta Ugaitz Guerrari egokitu zaie saria.

Literatur lehiaketan, berriz, Maren Iruretagoiena izan da irabazlea 16 urtetik beherakoen artean, eta Goiz Eder Iturain izan da onena helduen kategorian. Gertuko taberna edo jatetxeetan erabiltzeko 50 euroko bono bana eskuratu dute.