"Pixkanaka joan behar dugu orain"

Baleike 2020ko mai. 12a, 09:22

Otezuri egoitza "normaltasunera" itzuli dela jakitera eman du Lierni Santamaria zentroko zuzendariak. Espero du, gainera, bisitekin ahalik eta azkarren hastea.

Zein da gaur egungo egoera Otezuri egoitzan?

Oraintxe bertan esan dezakegu egoitzan ez dagoela birusik. Espresuki kutsatu ziren pertsonak zaintzeko sortu genuen COVID unitatea jada itxita dago. Esan genezake egoitza normaltasunera itzuli dela, edo orain esaten duten moduan, ‘normaltasun berrira’. Egoiliar bakoitza bere unitatean bizitzen ari da dagoeneko, eta segurtasun gomendioak jarraituz, bizitza normalizatu bat egin dezakete zentroan.

Egoitzako egoiliarren batek jarraitzen al du ospitaleratuta?

Gaur [atzo] itzuliko da egoitzara COVID-19agatik kutsatuta zegoen azken egoiliarra, Gurutze Gorrian zegoen emakume bat; gainerako pertsona guztiak Otezurin daude. Momentu hauetan egoitzatik ospitalera eraman diren pertsonak beste osasun arrazoi batzuengatik izan dira.

Egoiliarrei eta egoitzako langileei testak egiten jarraituko al duzue, epidemiaren gorakadarik egon ez dadin?

Une honetan, egoitzan bizi diren guztiek eta lan egiten dugun guztiok ditugu eginak testak. Aurreikusi da test berriak egitea ikuspegi berri bat edukitzeko: horrek aukera emango digu egoitzaren egoera erreala ezagutzeko. Horretarako Matia Fundazioko taldeak zehaztutako protokoloak eta estrategiak jarraitzen ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, jaurlaritzaren eta Osasun Ministerioaren aholkuak kontuan hartuta, baita gure ezagutza eta esperientzia guztia ere.

Eta positiboren bat atzemango balitz, zer?

Osasun Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren argibideak jarraitzen ditugu. Haiek izango dira orientatuko gaituztenak, kasuren baten susmoaren aurrean egin dezakegun gure eskari propioak alde batera utzita.

Zer pauso emango dira orain egoitzan?

Orain pixkanaka-pixkanak joan behar dugu, deskuidatu gabe eta arrisku handirik hartu gabe. Norbanakoak babesteko ekipoak egoki erabiltzen jarraitu behar dugu, eta xede orokor batekin: pertsonen ongizatea ahalik eta gehien zaintzea.

Egoiliarrak noiz iritsiko dira bizimodu normala egitera?

Ikusten joango gara zer-nolako normaltasuna lor dezakegun, eta horretarako lan egingo dugu aldundiarekin egoitzetan bizi direnen eta haien familien ongizatea bermatzeko. Segurtasun neurriekin hartu beharreko erabakia izan behar du horrek, baina, aldi berean, erabiltzaileek eta beraien familiek izan behar dute lehentasuna.

Aurreikusi al da familiek bisitak egiteko aukera izatea?

Hori da guri gehien gustatuko litzaigukeena, eta une honetan harreman zuzena dugu aldundiarekin horri buruz lan egiteko. Espero dugu bisitekin berriz ahalik eta azkarren hastea, eta segur aski baldintzatuta egongo da arintze egoeraren fase ezberdinekin. Erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du, eta hala egiten duenean, hartu beharreko neurri guztiak ezarriko ditugu segurtasunez egin ahal izateko.

Protokoloren bat ezarriko duzue antzeko kasuetarako?

Asko ikasi dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin kolaboratu duten guztiei, Zumaiako herriari eta Otezuriko familiari. Otezurik ez du neurri ezberdinik izango, eta jarraituko dugu aplikatzen egoera honetatik ikasitakoa. Bizitakoak jakintza handia eman digu, eta lezio ikasi dugu, antzeko egoeretan erabiltzeko moduan. Bestalde, egoiliarrek eta langileok izan dugun ekiteko, sufritzeko, inplikatzeko eta gainditzeko gaitasuna nabarmendu nahi ditut.