Taberna gutxik zabaldu dituzte terrazak lehen fasearen hasieran

Baleike 2020ko mai. 11a, 15:24

Lehen fasean sartuta, tabernek terrazak zabaltzeko aukera izan dute gaur, %50ean bakarrik izan bada ere. Eguraldia ez dute lagun izan, eta gutxi izan dira negozioa berriro martxan jartzeko erabakia hartu duten tabernariak.

Beheko plazako, Erribera kaleko eta moilako taberna guztiek pertsianak botata zituzten oraindik ere, eta baita Etxezarretako, Basadiko edo Alaiko ia taberna guztiek ere. Batzuk bihar hasiko dira berriro lanean bi hilabetez beraien establezimenduak itxita eduki ondoren.

Lehen faseko lehen egun honetan lau taberna bakarrik hasi dira terrazetan bezeroak hartzen. Ardantzabideko Atari taberna da horietako bat. Haren jabe Beñat Fernandez Arroiabe lanean hasteko “gogoarekin” zegoela esan dio Baleikeri. “Bi hilabetez itxita izan ondoren, lanean hasteko gogoarekin nago”. Zazpi mahai atera ditu Fernandezek lehen egun honetan, bost eserita egotekoak eta bi edaria zutik hartzeko modukoak. “Eguraldi hobeagoarekin mahai gehiago jarriko ditut plazan, beti ere distantzia mantenduta”. Lurrean bi metroko distantzia adierazten duten markak margotu ditu. Goizetik hurreratu zaizkio bezeroak, kafea hartzera gehienak, baina baita olagarro zopa jateko desioarekin. Bezeroek ezin dute tabernako atea zeharkatu –hori dioen kartela jarri du–, eta jabea bera ibili da mahaiak zerbitzatzen. “Okerrena gero dena garbitu beharra da”, gaineratu du.

Itzurunbidearen hasieran dago Itzurun taberna. Toldoekin estalitako terraza handia du, eta mugimendua izan da goizeko 9:00etan zabaldu duenetik. “Gogorra ari da izaten, agian ohitura galdu dugulako. Oraintxe lasaitu da pixka bat”, aipatu du tabernako jabe Angel Sanchezek. Hemen ere bera dabil lan guztia egiten, “ireki dudanetik gauean itxiko dudan arte. Langile bat erregulaziotik aterako banu orain lan egiteko, agian gero ezingo nuke berriro sartu”. Beste tabernari guztiak bezala, maskara eta eskularruak jarrita ari da lanean, segurtasun neurriak mantenduz. Bezeroek ezin dute taberna barrura sartu, komuna erabiltzeko ez bada. “Egunean sei aldiz desinfektatu behar dut komuna”, azaldu du. “Baita sukaldea ere. Goizeko 7:00etan etorri naiz tortilla batzuk egitera, eta aurretik eta ondoren desinfektatu dut sukaldea. Sukaldeko lanak bukatuta, orain mahaiak zerbitzatzea dut lana”.

Amaiako plazatik metro gutxira dagoen Taosa eta Etxezarreta kalean dagoen Itxaso dira gaur zabaldu duten beste tabernak. Beste establezimendu batzuk bihar igoko dituzte pertsianak bi hilabetez jaitsita izan ondoren. Erribera kaleko Kalari edo Beheko plazako Krakanen kasua da. Azken honetako arduradun Mikel Arrieta generoa ekarri zain zegoen taberna martxan jartzeko. Mahaiak nola jarriko dituen plano bat egin du, eta udalaren oniritziaren zain dagoela azaldu du. Funtzionamendu osoan ez bada ere, taberna zabaltzearen aldekoa da Arrieta, “mahai bakarra izanda ere. Mahai bakarrarekin hamabi orduko epean zerbait aterako duzu, kafeak eta zerbezak aterata; etxean geratuta ezer ere ez”.

Badira terraza izanda ere eguraldiak onera egin arte zain egongo direnak. Julio Beobide ibiltokiko Aita Mariren kasua da. “Nik ez dut toldorik terrazan, eta eguraldi honekin ez noa zabaltzera”, adierazi du Eñaut Segurola taberna-jatetxeko jabeak. Astebururako terraza zabaltzeko esperantza duela azaldu du. “Ostiralean badirudi onera egingo duela eguraldiak. Ikusiko dugu...”.