Angeluko hilketa matxista salatzeko kazola jotzea izango da gaur

Baleike 2020ko mai. 8a, 14:36

Arratsaldeko 19:00etan eraso sexisten aurkako eta autodefentsa feministaren aldeko aldarria zabaltzeko kazola jotzea deitu dute herri denetan. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertatu den laugarren hilketa matxista da.

Asteazken arratsaldean Angelun (Lapurdi) emakume bat tiroz hil zuten, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren haren senarrak. Ikerketaren lehen elementuen arabera, "nahita eragindako homizidio bat eta suizidio bat" gertatu dira. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertatutako laugarren hilketa matxista da; bigarrena itxialdian.

Eraso sexisten aurkako eta autodefentsa feministaren aldeko aldarria plazaratzeko, protesta deitu du herri denetan Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Gaur, hilak 8, arratsaldeko 19:00etan hasita, norbere balkoietara atera eta kazolak jota salatuko dute hilketa matxista.