Uretara botatako teila zatiek bultzatako harremana

Baleike 2020ko mai. 7a, 12:26

Selma Huxley historialaria igandean hil zen, 93 urte zituela. Ingalaterran jaioa, Euskal Herriarekin harreman estua izan zuen.

Euskal Herrira 1972. urtean etorri zen, euskal eta kanadar historiari buruzko artxibo ikerketak egiteko. XVI. eta XVII. mendeetan Ternuako lurraldean euskaldunak izan zireneko informazio gutxi zegoen, eta horren inguruko ikerketak egitera etorri zen Euskal Herrira.

“Selmak Zumaia asko maite zuen, eta baita bere semeak ere”, dio Inazio Tolosa zumaiarrak. Karidadeko Benta musika taldearekin Kanadako Red Bay herrira egindako bidaian ezagutu zuen Huxley. “Albaolarekin joan ginen Kanadara, han egin zuten festa batera, eta Maria Pilar Beobide eta beste zumaiar batzuk ezagutzen zituela esan zuen”.

Labradorko arrantzale-herrixka honetan jolasean ari ziren haur batzuk izan ziren Euskal Herriarekin izandako loturaren abiapuntua. “Ume batzuk jolasean ikusi zituen. Ur gainean erreboteak egiteko harriak botatzen ari ziren badiako uretara. Harri batzuk oso onak omen diren, zapalak, arinak, eta errebote asko egiten zuten. Umeek harri horiek bilatzen zituzten. Harri gorriak ziren, eta Selma konturatu zen egositako buztinez egindakoak zirela. Ikertzen jarraitu zuen, eta teila pusketak zirela konturatu zen”, dio Inaziok.

Teila horiek Europatik eramandakoak zirela jakin zuen geroago. “Itsasontziek eramaten zituzten lastre moduan, eta han, bale koipea eta bakailaoa kargatzerakoan, teilak bertan uzten zituzten. Baleak egosteko etxolen teilatuak egiteko erabiltzen zituzten. Hortik hasi zen Kanadako euskaldunen presentzia aztertzen; aurretik inork ikertu ez zuen gaia zen”.

Ikerketa lan batzuk Oñatiko artxiboan egin zituen, eta hobekien kontserbatzen ziren dokumentuak Zumaiakoak zirela esan zuen. ”Urteak pasa zituen Oñatin dokumentu zaharrak transkribatzen eta antolatzen. Gero, bere semeak, Michael Barkhamek, La construcción naval en Zumaia 1560-1600 ikerketa liburua argitaratu zuen. Selma berak ez zuen Zumaiari buruzko ikerketa zehatzik publikatu, baina garai hartako Zumaiako  pertsonaien gorabeherak inork baino hobeto ezagutzen zituen”.