TOKIKOMeko webguneen trafikoak goranzko joerari eutsi dio apirilean

Baleike 2020ko mai. 6a, 17:46

Krisiaren hasieran hartutako bideari jarraiki, apirilean ere gora egin du TOKIKOMeko kanal digitaleko webguneen trafikoak,  bizitzen ari garen ezohiko egoeran toki komunikabideek hartu duten garrantziaren adierazgarri.

2019ko bisiten bikoitza
TOKIKOMeko webgune guztien trafikoa batuta, apirilean 2.498.379 bisita izan zituzten guztira. Martxoan baino %8 gehiago, eta 2019ko apirilean baino %97 gehiago.

Ikusitako orrialdeak, berriz, 6.232.868 izan dira hilabete osoan. Horrek %19ko igoera dakar martxoko datuarekiko, eta %98koa 2019koarekiko.

Erabiltzaileak, azkenik, 666.732 izan dira. %1eko jaitsiera da hori martxoarekin alderatuta, baina %70eko igoera iazko datuarekiko.

Gertuko informazioa inoiz baino beharrezkoago bilakatu den honetan, toki komunikabideak ahalegin eta sakrifizio handiak egiten ari dira komunitatearekiko konpromisoari eutsi eta gizartea ondo informatuta mantentzeko eta, datuok argi adierazten dutenez, publikoak asko estimatzen du ahalegina.