Ez da koronabirus kasu positiborik izan Zumaian bosgarren egunez jarraian

Baleike 2020ko mai. 6a, 13:37

Koronabirusari lotutako albiste pozgarriak lazgarriak baino gehiago dira azken aldian Zumaian. Datu ofizialen arabera, 48 lagun kutsatu dira kontaketa hasi zenetik.

Koronabirusa kontrolpean dagoela dirudi Urola Kosta eskualdean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, ez da kasu positibo berririk detektatu eskualdean hirugarren egunez jarraian. Hala, datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik eskualdeko 259 lagun kutsatu dira, baina azken egunetan ez du gora egin kopuruak. Hurrengoak dira kutsatuen kopuruak herriz herri: Zarautzen 142 lagun; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazortzina; Azpeitian hamasei; Getarian eta Zestoan bosna; Aian lau; eta hiru Aizarnazabalen. Datuak hauek dira, baina ezin da jakin zehazki eskualdeko zenbat herritar dauden, gaur egun, gaitzarekin. 

Beste egun batez sendatutakoen kopurua askoz handiagoa da zendutakoena baino. 24 orduko epean 498 sendagiri eman ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hildakoak, aldiz, 11 izan dira. Jaurlaritzako datuen arabera, 12.749 lagunek jaso dute alta. Hildakoak, berriz, 1.364 dira guztira. 

Lurraldekako datuak
Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, azken orduetan PCR proban positibo eman duten 43 kasu berri detektatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kontaketa hasi zenetik, orotara, 16.679 lagun izan dira kutsatuak.

Nafarroako Gobernuak ere argitaratu ditu datu eguneratuak, eta zenbaketa hasi zutenetik, guztira, 6.770 pertsona kutsatu direla, eta 476 zendu direla azaldu dute, bezperan baino bost gehiago.