"Ohituta gaude txikitasun horretan bizitzen, konfinamendu aurretik ere horixe neurtzen zuen itsasontziak"

Izaro Altzibar 2020ko mai. 3a, 17:00

Zortzi metro luze dituen barkuan bizi dira Angel Heredia eta emaztea Zumaiako kirol portuan. Zazpi astez zorrotza izan den konfinamenduak ez dio larritasunik eragin; ordea, bai COVID-19 birusagatik galdu dituen bi lagunen heriotzek.

Madrilen jaio zen Angel Heredia. Duela zenbait urte etorri zen Zumaiara, eta portuan bizi da geroztik, emaztearekin batera, itsasontzi txiki batean. Hain espazio txikian konfinamendua nolakoa den azaldu du, eta bere jaioterriko egoeraz ere mintzatu da, koronabirusak gogor astindu duelako inguru hura eta bere gertukoengana iritsi direlako ondorio latzak.

Nola aldatu da zuen errutina azken asteetan?
Asko aldatu da. Itsasontzian igarotzen dugu denbora. Goizetan lanera joaten naiz Larrabetzura, baina emaztea egun osoa itsasontzian egoten da.

Zenbateko luzera du zuen itsasontziak?
Zortzi metro, txikia da. Bizitzeko nahikoa da, baina, guretzat. Ohituta gaude txikitasun horretan bizitzen, konfinamendu aurretik ere horixe neurtzen zuen. Aste Santuko bost eguneko jaiegunak itsasontzian eman genituen biok, baina zorionez, atzeko terraza handia dugu: portua. 

Erosketak, adibidez, bi astean behin egitea gomendatzen zuten. Denbora espazio handia da hori.
Nik beti bezala egiten ditut erosketak, larunbatean erosketa handia egiten dut, eta egunero ogia edo zerbait konkretua.  

Orain kirola egitera atera daiteke, baina aurrez aukerarik izan duzue bizitokian?
Nik ez dut sekula kirol gehiegirik egin, mendira edo nabigatzera bakarrik. Emazteak, berriz, ariketak egiten ditu gomarekin, eta pantalanean joan-etorrian ibiltzen da.

Online antzerkia ere egiten duzu, ezta?
Aurreneko eskola egin, eta utzi egin behar izan nuen, oso baxu nagoelako animoz. Egoera honek oso arduratuta nauka. Madrildarra naiz, bertan daude nire lagunak eta familia, eta egoera han oso latza da. Bi lagun galdu ditut: bata birika transplante baten zain zegoen, eta koronabirusarekin kutsatu eta hil egin zen, eta bigarren laguna ere gaixo hil da. Horrez gain, nire osaba eta izeba ospitalean daude koronabirusarekin. Ez da erraza egoera hori kudeatzea. Asko pentsatzen dut gizartea nola geratuko den honen ondoren. Krisialdietan beti berdinok ordaintzen dugu: langileek eta pobreek.  

Gogorra izango da hain urruti egotea…
Bai, badakit nola dauden familia eta lagunak whatsapp bidez, baina hirugarren eskutik… Ez da zuzena, eta ez da erraza. Madrilgo egoera oso gogorra da. Desastre hutsa da. Agintariek osasun publikoa saldu zuten, eta horren ondorioak jasotzen ari gara orain. 

Etorkizuna nolakoa espero duzu?
Baikorra naiz, baina espero dut ikasgai bat ateratzea hemendik. Badakit oso zaila dela, baina kapitalismo hau aldatzea eta eredu komunitarioagoa bultzatzea nahiko nuke. Azken krisialdian ni langabezian gelditu nintzen hiru urtez, orain ongi nago, baina espero dut lana ez galtzea.