Plazatik Internetera eramango du Astinduk Maiatza Dantzan ekimena

Baleike 2020ko mai. 1a, 12:59

Aurreko urteetan egindako emanaldiak ‘online’ ikusteko aukera izango da maiatzean zehar ‘Baleike.eus’ webgunean .Tailerrak ere Internet bidez jarraitzeko aukera izango dute herritarrek.

Zumaiako Astindu dantza taldeak Maiatza Dantzan ekimena antolatu izan du azken urteotan. Dantzarekin lotutako jarduerak eskaini izan dituzte bertan; ikusleei zuzendutako ikuskizun eta saioak, baina baita herritarrei zuzendutako ikastaroak ere. Hala, hain ohikoak ez diren hainbat dantza ikasteko aukera eskaini die zumaiarrei maiatzeko jarduera honek.

Dena dela, koronabirusa ez hedatzeko hartutako neurriek kolokan jarri dituzte aurtengo dantza emanaldiak. Baina, ekimena bere osotasunean bertan behera utzi beharrean, Astinduko lagunek emanaldiak eta tailerrak euskarri digitalean eskaintzea erabaki dute. Hala, aurtengo Maiatza Dantzan Etxetik ekimeneko ekitaldiak online egingo dira. Ekitaldi hauek guztiak, emanaldiak zein tailerrak, 18:00etan izango dira.

Sei emanaldi izango dira guztira, maiatzaren 2tik hilaren 31ra bitartean, eta Baleike.eus webgunean izango dira ikusgai. Astinduk antolatuta, azken urteotan herrian egin diren ikuskizunak eskainiko dira. Hasteko, bihar bertan, hilaren 2an, Astinduk, San Pedro Abesbatzak eta Dardara musika kolektiboko lagunek Aitzuri frontoian eskaini zuten Queen emanaldia ikusteko aukera izango da.

Astebete geroago, maiatzaren 9an, Korrontzi musika taldearekin egindako emanaldia, Korrontzi Benefic, izango da ikusgai. Maitzaren 16an Team Wale dantza eskolako ikuskizuna izango da protagonista. Beste hiru emanaldi ere izango dira etxetik ikusteko: TikTarak, Zumaiako Udal Musika Bandak eta Astinduk Ondartxo plazan eman zuten kontzertua, hilaren 23an; Broadway Cabaret maiatzaren 30ean; eta Makilele hileko azken egunean, hilaren 31n.

Tailerrak
Astinduk herritarrei zuzendutako tailer irekiak ere emango ditu online, Maiatza Dantzak Etxetik ekimenaren barruan. Maiatzaren 10ean fandango eta arin-arin tailerra eskainiko dute Isaak Aranberrik eta Jone Osak. Astebete geroago, hilaren 17an, Team Waleko Alazne Martinezek urban dantza tailerra gidatuko du. Hilaren 24an, berriz, batxata tailerra emango du Angel Oiarzabalek.

Online tailer horietan parte hartzeko izena eman behar da astindu.zde@gmail.com posta elektroniko helbidera idatzita. Argibideak ere posta bidez emango dituzte.