Martxan da etxeko txikiei zuzendutako Etxetiktok bideo lehiaketa

Baleike 2020ko api. 29a, 09:49

Tik Tok aplikazioarekin egindako hamabost segundoko musika bideo orijinalena sarituko da, eta eskulanak, mozorroak eta familia osoaren partehartzea baloratuko dira.

Konfinamenduaren azken txanpa eramangarriagoa egiteko asmoz, Urolako Komunikazio Taldeak eskualdeko haurrei zuzendutako Etxetiktok bideo lehiaketa jarri du martxan.

Azkenaldian etxeko txikien artean arrakasta handia izaten ari den Tik Tok aplikazioan oinarrituko da lehiaketa berria. Izan ere, hamabost segundoko bideo musikatu laburrak oso modu errazean egiteko tresnak eskaintzen ditu aplikazio horrek, eta horiez baliatu beharko dira parte-hartzaileak bideo orijinalena sortzeko.

Urola Kosta eskualdeko edozein familiak parte har dezake, eta nahi adina bideo bidal ditzakete horiek. Bideo guztiek, ordea, honako baldintza hauek bete beharko dituzte lehiaketan parte hartu ahal izateko:

  • Hamabost segundoko bideo musikatua izatea eta karaoke edota dantza zati bat behintzat agertzea.
  • Bideoa osotasunean etxe barruan grabatuta egotea eta gutxienez etxeko hiru espazio azaltzea.
  • Eskulan ala mozorro bat erabiltzea: kareta, ezpata, ileordea…
  • Bideoaren protagonistak etxeko txikienak izan arren, guraso edo familiako kide heldu bat behintzat ere agertzea. Familia osoa azaltzen bada, askoz hobe.

Jasotako bideo guztiak Zarauzko Hitza webgunean publikatuko dira maiatzaren 18an, eta bertan bozketa fasea zabalduko da erabiltzaileek bideo gustukoenaren aldeko boza eman dezaten. Boza gehien lortzen dituen bideoaren egileek Azpeitiko Pittinka jostailu dendako 60 euroko erosketa txartela eskuratuko dute.

Baina ez da sari bakarra izango. Urolako Komunikazio Taldeko hainbat kidek osatutako epaimahaiak ere irabazle bat aukeratuko du. Bideoaren orijinaltasuna, umorea eta parte-hartzaileen inplikazio maila izango dira sari horren irabazlea hautatzeko irizpideak. Epaimahaiaren saria Elkarren gastatzeko 100 euroko erosketa txartela izango da.

Bideoak Whatsapp bitartez bidali beharko dira 661 68 25 42 zenbakira, eta horrekin batera datu hauek ere bidali beharko dira:

  • Bideoaren izenburua, parte-hartzaile guztien izen-abizenak eta herria.
  • Kontakturako zenbaki eta helbide elektronikoa.

Bideoak bidaltzeko azken eguna maiatzaren 13a izango da.

Oharra

Datu Pertsonalak Babesteko legedia betez, partaideei jakinarazi nahi zaie bere datu pertsonalak Urolako Komunikazio Taldea, Koop. E.ren tratamendu sistemetan jasoko direla, horixe baita tratamenduaren erantzulea, aurrerantzean “Urolako Komunikazio Taldea”. Hala, zozketa hau kudeatzeko eta parte hartzaileei interesekoa izan daitekeen komunikazio komertzialak bidaltzeko erabiliko dira. Zozketan parte hartzeak partaideen eta irabazleen izen-abizenak eta bideoa argitaratzea dakar. Era berean, kudeaketa modu egokian gauzatzeko partaideen datuak Urolako Komunikazio Taldeko kide diren beste enpresei eta zuzeneko kolaboratzaileei komunikatuak izan daitezke. Urolako Komunikazio Taldeak parte hartzaileen datu pertsonalak pribatutasunez erabiltzeko eta horiek babesteko konpromisoa dauka; hala, eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu, interesdunen segurtasuna eta pribatutasuna bermatzeko. Parte hartzaileak kontrakoa adierazten ez badu bederen, datuak inongo epemugarik gabe gordeko dira, parte hartzaileen jarraipena egiteko. Urolako Komunikazio Taldeak interesdunari gogorarazi nahi dio noiznahi erabil ditzakeela sarbide-, zuzenketa-, ezeztapen- eta aurkaritza-eskubideak, baita datuen transferentzia eta tratamendua mugatzeko eskubideak ere. Era berean, edonoiz egin dezake gai honi buruzko bestelako edozein eskaria. Horretarako, idatzia bidali beharko dio tratamenduaren erantzuleari, helbide honetara: Soreasu z/g – 20730 Azpeitia (Gipuzkoa) edo, bestela, administrazioa@ukt.eus helbide elektronikora. Eskaerarekin batera, interesdunaren nortasun agiriaren kopia bidali beharko da. Interesduna eskariari emandako erabakiarekin ados ez badago edo erreklamazio bat jarri nahi badu, kontrol aginte eskudunera jo dezake, kasu honetan, Datuak Babesteko Bulegoa (www.aepd.es).