Itxaso Aranguren: "Kuban asko dago hondartzez gain"

Baleike 2020ko api. 29a, 08:45

Itxaso Aranguren (Zumaia, Gipukoa, 1996) Kubako Camaguey hirian dabil otsailetik. Landa eremuko emakumeen gizarteratzea sustatzeko proiektu batean ari da, Global Training beka bati esker. Egoerak lana zaildu duen arren, buru-belarri ari da lanean, Berria egunkariak egindako elkarrizketan azaldu duenez.

Zumaiatik Kubara. Zer dela eta?

Karrera bukatutakoan argi neukan kanpora joan nahi nuela. Ikasitakoa beste testuinguru batean praktikan jarri nahi nuen. Global Training ezagutu nuen, eta, bertako aukeren artean, Kubara etortzea erabaki nuen, proiektuagatik beragatik, baina baita herrialdeagatik ere.

Asko hitz egiten da Kubako egoerari buruz. Hara iristean, zer inpresio izan zenuen?

Gauza asko entzuten dira Kubari buruz, eta oso kontrajarriak. Informazio falta ere badugu, eta daukaguna ere ez dakigu benetakoa den. Hein batean, hori izan zen Kuba aukeratzeko arrazoietako bat: nire esperientziatik eta nire begietatik ikusi nahi nuen hemengo errealitatea. Esango nuke horretan nabilela, eta horretan emango dudala bidaia osoa. Oraingoz, esan dezakedana da, alde onak badauden arren, egia dela behar batzuk asetzeko ez dagoela nahikoa.

Elkarrizketa hemen irakurri daiteke bere osotasunean.