Ez da positiborik izan Zumaian azken hiru egunetan

Baleike 2020ko api. 23a, 13:34

Zumaian 47 kasu baieztatu dituzte kontaketa hasi zutenetik. Osakidetzak gaur ahalbidetutako datuen arabera, azken hiru egunetan ez da koronabirus kasurik atzeman.

Aurreko bi egunetan kasu berririk atzeman ez badute ere, atzokoan kasu bana baieztatu zituzten, Osakidetzak ahalbidetutako datuen arabera, Zarautzen eta Azpeitian. Zarautzen 113 kasu topatu dituzte gaur arte, eta Azpeitian 11. Bi horiekin, 213 kasu positibo metatu dira Urola Kostan, zenbaketak hasi zirenetik.

Gainontzeko herrietan ez da aldatu COVID-19 gaitzaz kutsatutako pertsonen kopurua: 47 kasu baieztatu dituzte Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian; eta bi Aizarnazabalen.

Zenbakiak horiek dira, baina kontuan hartu behar da denbora horretan sendatu edo zendu diren bizilagunak badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun guztiarekin zenbat lagun dauden gaur egun COVID-19 gaitzaz gaixorik.

Lurraldekako datuak
Osakidetzak jakinarazi duenez, koronabirusa atzemateko 4.798 test egin dituzte azken orduetan–aurreko egunean baino 757 gehiago, eta orain arteko gehien–, eta 397 kasu berri hauteman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Astearen hasieran %2,5era jaitsi zen probetan positibo ematen zuten herritarren kopurua, baina, gaurkoan, %8,2koa da ehuneko hori.

Bestalde, azaldu dute 43 lagun hil direla gaitzaren ondorioz azken orduetan. Guztira, 1.167 pertsona hil dira krisialdiaren hasieratik hiru lurralde horietan.

Nafarroan berriz, 65 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Guztira, 5.063 koronabirus kasu aurkitu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 409 lagun hil dira gaitzaren ondorioz; horietako zortzi, azken orduetan.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak kontuan hartuta, guztira, 18.499 lagun kutsatu dira COVID-19arekin kontaketa hasi zenetik. Mediku alta jaso duten herritarren kopurua ere igotzen doa egunez egun eta, gaur arte, 9.581ek jaso dute alta Hego Euskal Herrian. Berri on moduan, azpimarratu dute gehiago direla egunotan gaitza gainditzen dutenak atzematen dituzten positibo berriak baino.