Liburu gomendioak ezohiko Liburu Egun baterako

Baleike 2020ko api. 23a, 14:39

Liburu eguna da gaur. Alarma egoeragatik ez da erraza izango liburu berriren bat erostea, baina garai egokia da hau etxean ditugun liburuak eskuetan hartu eta literaturaren munduan murgiltzeko. 

Itxialdiko egun hauetan irakurzaletasuna areagotu dela diote. Baina zer irakurtzen dugu? Beraien liburu gogokoenen berri emateko eskatu diegu sei herritarrei.

Leire Arano

Karmele Jaio: Aitaren etxea (Elkar, 2019)

Guztiok, baina nagusiki gizonok, zer aitaren ahotsek gauzka urrezko kaiolan, burrunbarik isilenean?

Yurre Ugarte eta Joseba Larratxe: Joana Maiz (Harriet Ediciones, 2019)

Historia eta historiak, Pertsonaiak eta pertsonak, Gertaerak eta gertaerak… Zer da letra larriz nabarmentzekoa, eta zer uzten dugu xehez ahanzturan?

Sylvia Plath: Hiru emakume (Denonartean, 2018). Itzulpena: Harkaitz Cano

Amatasuna bizitzeko hiru modu, hiru emakumeren ahotsetan. Anuska Allepuz-en ilustrazioen gozoan sentirakurtzeko poema hunkigarria.

Maitasuna politikoa da (Jakin aldizkaria, 233-234)

Baina maitasuna ez al da bada erabat senezkoa, ikasi gabe berez sortzen zaigun sentimendu handi eta ederrena? Ba, ez, maitasuna ideologia bat da, eta politikoa.

Najat El Hachmi: Siempre han hablado por nosotras (Destino, 2019)

Puri-purian dauden zenbait gairen arriskuei buruzko gogoeta sendoa, labur eta argi azalduta: norberaren sinesmenak identitate kolektiboarekin nahastea, erlatibismo kultural gaizki ulertua erlatibismo moralarekin nahastea, eta funtsean, feminismoa beste kausa batzuen azpian jartzea.

Shaun Tan: Emigrantes (Barbara Fiore editora, 2007)

Hitz bakar bat ere gabe, irudiz irudi, migratzea zer izan litekeen irudikatzera garamatzan harribitxia.

Kepa Aizpurua

Egun arraro hauetan, neure modura, deskonektatzea eta kontzentratzea zaila egiten zaieinei, literatura arinagoa gomendatzera nator ni, baina ez horregatik kalitate maila baxukoa.

Aldarte hauetarako, lagun berezi batek, nobela grafikora jotzen zuela komentatu zidan, eta Paco Rocaren komikiekin probatzeko. Kattan adituarekin kontaktuan jarri eta IPA baten truke azkar asko jaitsi zen zaborra botatzera ia bere obra osoarekin. Bai asmatu ere! Gozamen ederra! Bat azpimarratzekotan La casa iruditu zait hunkigarriena.

Ipuin laburra ere aukera paregabea da kasu hauetarako. Liluratuta naukaten bi idazle berri samarren helduentzako ipuin liburu hauek ez dute inor epel utziko: Laura Ferreroren Piscinas vacías eta Sara Mesaren Mala letra.

Poesia ere noski, zurrupada txikietarako, beti da aproposa. Karmelo Iribarren maisuaren poesia gomendatzeaz ez naiz ni sekula aspertzen. Tabernari izandako donostiar honen poesia ilun, malenkoniatsu, baina aldi berean ironiko eta umoretsuak beti ukitzen du barrena. Seguro que esta historia te suena bere poemen antologia liburua ezinbestekoa da. Karmeloren pupiloa den Imanol Ulazia poeta zumaiarraren Bar Kabi harribitxia ere ezin aipatu gabe utzi. Ea laister argitaratzen dioten bere bigarren lana gure "dinamitero" faboritoari.

Eta bukatzeko, gertukoa izanda, horrein ezaguna ez den Iñaki Uriarte-ren Diarios liburuari egin nahi nioke aipamen berezia. Azkenaldian irakurri dudan libururik gustukoena. Konfinamendua hasi aurretik bukatu nuen bere diarioen bilduma hau, eta marabilla bat da. Alperrikako hitzik ez dago bere testuetan. Anekdota barregarriak, hausnarketa zehatzak eta umore fina, New Yorken jaio, Donostian hazi eta Bilbon bizi den 'señorito rebelde' honen idazkeran. 

Babesa eta kontsolamendua, hauxe eskaintzen digu literaturak. Eta iruditzen zait, datorkigun boladarako ezinbestekoa izango dugula. Liburu egun zelebrea izango da aurtengoa, baina gure inguruko liburudenda maiteak (ai Garoa!) ere gure babesa eta kontsolamendua izango duela pentsatu nahi dut berriz martxan jartzen direnean.

Feli Uria

Liburuaren eguna datorrela eta, Baleikek eskatu zidan ea lauzpabost libururen gomendioa eginez zerbait idatziko ote nuen. Horrela, bat-batean, eta nire memoria urriaz... Baina goizaldeko esna aldian barruko harra mugitu zait eta lanean hasi. Eta bai, zazpi izenburu ere etorri zaizkit bata bestearen atzetik. Eta baita konturatu ere arrastoa utzi didatenak idazlan errealistak direla, eta gutxiago fikziozkoak (hauek ere errealitatetik elikatzen badira ere).

Horra ba nire proposamenak, gehien dibertitu ninduenetik hasita:

Kaliforniatik bihotzez  (Joseba Gabilondo)

Orain dela ia hiru hamarkada idatzia, baina ez horregatik zaharkitua. Gabilondok Kaliforniatik gutun modura Zabaliken argitaratutako artikuluen bilduma da. Liburu atsegina, bizia eta gaur egun arrunta zaigun mundu digital honen berri aitzindariak ematen zituena. Esan bezala, oso ondo pasa dut, dela gutxi irakurtzean.

Viaje a pie. Mar de Nubes (Julio Villar)

Julio Villar, bere gaztetako abenturengatik ezaguna, adinean aurrera, Pirinioetako zeharkaldi baten kronika poetikoa idatzi zuen, 2006an. Liburua marrazki soil ederrez hornitua dago. Irakurketa gozamen hutsa da.

Gerra txikia (Lander Garro)

Ipar Euskal Herrira Ihesi joandako familia bateko semea izaki, haurra zeneko oroitzapenak gordin azaltzen ditu Garrok, euren egunerokoa eta bizi izandako hainbat egoera. Esan bezala, gordin eta desmitifikazio argi batez. Bere testigantza interesgarria iruditzen zait.

Miñan (Amets Arzallus)

Ibrahima Balde izeneko etorkinaren hitzak euskarara ekarri eta idatzi ditu sentsibilitate handiz Arzallusek. Ibrahimak bere anaiaren bila Gineatik Europarako bidean bizitako odisea (bukatu gabea) tristea kontatzen du. Oso gomendagarria, guztiok ezgutu behar genukeen errealitate baten berri ematen duena.

Maitasuna politikoa da (Jakin aldizkaria 233-234)

Liburu antzeko aldizkarian, goian aipatutako gai monografikoa sakontasunez  lantzen dute Mari Luz Estebanek eta beste bederatzi idazlek. Mari Luz Estebanen lanak, Maitasuna erdigunetik kanpo izenekoak, generoari, maitasunari eta erromantizismoari, besteak beste, heltzen dio. Bukaeran dioen bezala: "Bai harremanen bai espazioen artekotasunaz pentsatzeko gonbidapena egin dut, adiskidetasun sareen balioa bere horretan nabarmenduz eta gure gizartean hegemonikoa den maitasun hierarkia neutralizatuz". Lasai irakurtzeko saiakera aberasgarria.

Asier Arakistain

Lur bat haratago (Joan Mari Irigoien) euskaraz inoiz idatzi den eleberri mardulena da, 658 orrikoa.

Bertan historia handi, eder eta liluragarri bat kontatzen digu beste hamaika istorio txiki, bitxi, jakingarriren bitartez.  XVII. mendeko Nafarroara garamatza egileak, bi mundu berriren arteko talka sentitzen dugularik  etengabe. Arbasoen heroitasuna eta gurasoen pragmatismoa, zientziaren argia eta erlijioaren abaroa, tradizioaren babesa eta modernitatearen deia, lurra eta itsasoa, Europa eta Amerika, katolikoak eta luthertarrak...

Ziurrenik euskaraz inoiz idatzi den libururik ederrena.

Bigarren liburu hau Eider Rodriguezen Haragia da. Hamabi ipuinez osatua dago lan hau eta bertan, aiztoaren ahoan ebakitzeko kinkan diren pertsonaiak dituzu. Bere idazkeran, luma baten ordez bisturi baten zehaztasunez, idazleak gupida gabe azalerazten digu gizakion miseriak.

Bilbao-New York-Bilbao Kirmen Uribe idazlearen lehen eleberri luzea da. Horrekin, 2008an Euskarazko Narratiba Kritika Saria jaso zuen, eta 2009an Espainiako Narratiba Sari Nazionala.. Eleberriak idazleak New Yorkera egiten duen hegaldia du ardatz. Hegaldian zehar idazleak bere familiako lau belaunaldiei buruzko istorioak biltzen ditu, bere aitonarengandik bere seme txikiarengana, Ricardo Bastida arkitektoaren eta Aurelio Arteta margolariaren harremanarekin, hegaldiko pasadizoekin eta eleberriari berari buruzko hausnarketekin batera, guztien arteko sare moduko bat osatuz.

Itzulera baten historia (Martin Ugalde), zurrenik gehien markatu nauen liburua. Hamahiru bat urte nituela irakurrita, literatura zer den deskubritu zidan liburua. Ordurarte haurrentzako liburuak irakurtzen nituen eta liburu hau irakurri ondoren bestelako mundu bat ireki zitzaidan.

Liburu honetan Martin Ugaldek gerra osteko garaia erakusten digu, erbestetik etxera buetatzen den neskatila baten begiradatik.

Miriam Romatet

Asko irakurtzen dut, normalean goizean, gosaltzen eta bakarrik gure sukaldean. Egunotan gehiago, klaro.

Hala ere bi akats ditut: irakurritakoa eta batik bat izenburuak ahaztu egiten zaizkit; eta sarritan liburuaren erdialdera bukaerako orriak begiratzen ditut, amaierarako pazientziarik gabe.. irakurle desastrea!

Baleikek epe labur bat eman dit aukeraketa egiteko, eta beraz, zirt-zart!

Hementxe: hiru liburu eta bi idazle.

Karmele Jaio: Ez naiz ni

Hain hurbilak eta hain ezagunak egiten zaizkit liburu honek kontatzen dituen istorioak, sentipenak... Gezurra dirudi ez direla nik idatziak, nik gogoratuak. Baina noski, ez nituzke hain ondo idatziko!

Daniel Glattauer: Ipar haizearen kontra (Gut gegen Nordwind)

Garai bateko maitasun erromantikoaren trama perfektua: harreman epistolarrek sortzen duten ilusioa, e-mailaren bidez ordea; mezu elkartrukeak, zain egoteak, amaiera... Asko gustatu zitzaidan, eta baita horrekin egin zuten antzezlana ere.

Haruki Murakami:

Idazle hau asko maite dut, izugarri. Bere edozein liburu, baina bat aipatzeko After Dark.

Gazteleraz irakurri izan dut, eta txunditu egiten nau nola eramaten zaituen: oraintxe sukaldean xehetasun osoz bere afaria prestatzen ikusten duzu protagonista, eta bat-batean baden ez den mundu paralelo batean leporaino sartu zara!

Marian Keyes (ingelesez)

Ingelesez asko irakurtzen dut, baina gauza errazak, nire alabek adarra jotzeko balio duten endredo eta maitasun saltsak. Bigarren eskuko liburu dendetan erosi eta amaitzean aurrera beste norbaiti pasatzekoak. Irakurketa arina, jostaria eta kaleko ingelesa, gaurkoa hurbiltzekoa.

Eduardo Galeano: El libro de los abrazos

Kabi tabernan larunbat arratsalde bateko berriketan aholkatu zidaten idazlea, eta baita bi egunetara liburua utzi ere. Hizkuntza aberatsa, Ameriketako historiaren eta istorioen berri ematen digu, hurbiletik, eta, nolako esaldiak! Liburua irakurtzean haietako zenbat nahi nituen gogoan gorde.. alperrik. Eta ilustrazioak ere, zer bereziak! Zatika bada ere behin baino gehiagotan irakurri behar den liburua.

Sara Saizar

Hnuy illa nyha majah yahoo (Joseba Sarrionandia)

Amaren opari dudan poema liburua, bereziki kuttuna niretzat. Bertan, Joseba Sarrionandiaren 10 urtetako poema ederrenak aurkituko ditugu. Errealitatea prosa bihurtuta, aberriaz, denboraz, poesiaz, eta maitasunaz mintzo da, azken finean, bizitzaz.

Trikua esnatu da- Lisipe (Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel)

“Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?”. Euskalgintzaren eta feminismoaren aliantzarako bidea miatzen du liburu honek.

Euskararen feminizazioaz, naturalizazioaz edota euskaltzaletasunaren eta feminismoaren askapen bideez arituko dira Agirre eta Eskisabel; present izango ditugu, besteak beste, Beavoir, Davis edota Marçal bezalako bide-urratzaileak.

Fakirraren ahotsa (Harkaitz Cano)

“Gutxi gorabehera bihurtzen gara garena, entzutez eta ezarian. (...) Belarritik ahora dagoen distantzian ebazten da ia dena”

Hainbat sari irabazita, ez da gutxiagorako Imanol Lurgain pertsonaiaren istorio ezaguna kontatzen digun liburutzar hau.

Goseak janak (Idurre Eskisabel)

Anarik bere sare sozialetan gomendatzean ezagutu nuen Goseak janak . Bere jarraitzailea izanik, ez nuen zalantzarik izan irakurtzen. Eta ez ninduen hutsik egin, goxo eta gusto handiz sortutako olerkiak ezagutu nituen, gosea asetzeko modukoak.