Mediku alta jaso dute Otezurin bi egoiliarrek

Baleike 2020ko api. 23a, 09:04

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteazken honetan emandako datuen arabera, guztira 21 lagunek jaso dute alta adineko egoitzetan.

COVID-19 eta adineko egoitza hitzei heriotza hitza gehitu behar izan zaie albiste askotan, baina batzuetan berri positiboak ere iristen dira. Asteazken honetan, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du sei egoiliarrek hartu dutela mediku alta Urola Kostan. Otezurin bi lagunek jaso dute alta, eta Zarauzko Santa Anan, berriz, lau lagunek.

Gipuzkoako egoitzetan 21 izan dira alta hartu dutenak azken orduetan, eta guztira 121ek gainditu dute gaixotasuna. Baina azken orduetan beste bi pertsona ere hil dira adineko egoitzetan,  biak Eibarren.

Eider Mendoza foru bozeramaileak egoitza zentroetan egiten ari diren lan “nekaezina” eskertu du, eta azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuak berbera izaten jarraitzen duela: “Zaurgarrienak diren pertsonak eta egoera honen aurrean babesgabe daudenak lagundu eta babestea”. Horregatik, “gure gaitasun, ezagutza eta esperientzia guztia ari gara bideratzen egoitzetan COVID-19aren kudeaketara, gure lehentasun nagusia direlako”. Esker ona ere azaldu die senitarteko guztiei, une zail hauetan euren “ulermen eta lankidetzagatik”.