Cristina Albizu: "Ez dut itxialdiaren eragina sentitu; hogei urte Zumaiatik kanpo daramatzat, eta ohituta nago"

Maria Maya Manterola 2020ko api. 21a, 13:58

Suitzako Zürich hirian bizi da Cristina Albizu (1969) zumaiarra. St. Gellen unibertsitatean egiten du lan, eta bideo-dei bidez ari da klaseak ematen. Herrialdean koronabirusaren krisialdiak nola eragin duen eta hemengo egoera handik nola bizi duen kontatu dio BALEIKEri.

Suitzak apirilaren 26ra arte luzatu du konfinamendua. Nola ari zara eramaten itxialdia?

Koronabirusaren ez zabaltzeko Suitzan hartutako neurriak Europako gainontzeko herrialdetan hartutakoen antzekoak dira, eta gaur gaurkoz, hilaren 26ra arte izango dira indarrean. Hala eta guztiz ere, konfinamendua ez da Espainiar estatuan bezain zorrotza. Suitzan etxetik ez irtetzea gomendatzen dute, baina ez dago debekatuta. Kalera irten zaitezke eta beste pertsona batzuekin topo egin, baina muga batzuk ezarri dituzte: bi metroko distantzia mantendu behar da gainontzeko pertsonekiko, eta ezin dira bost pertsona baino gehiago batu. Arau hauetakoren bat hautsiz gero, 95 euro inguruko isuna jaso dezakezu. 

Nire alabak eta nik nahiko ondo daramagu itxialdia. Ni astean bitan edo joaten naiz supermerkatura. Itxialdiak udaberriaren iritsierarekin bat egin duenez, etxe ondoko basora irten naiz pare bat aldiz paseatzera. Nire alaba oporretan dago orain, eta Zumaiara joan nahi genuen. 

Oporrak hartu aurretik ere ondo moldatu da alaba itxialdian. Bideo-deia izaten zuen maistrarekin goizeko 9:00etan egunero, eta gero eskolako ordutegia errespetatzen zuten. Lorategira irteten zen gero, eta auzoko beste bi haurrekin aritzen zen jolasean.

Unibertsitateko irakaslea zara. Etxetik lan egiteko aukera duzu?

St. Gallen unibertsitatean egiten dut lan, eta bideo-dei bidez ematen ditut klaseak. Hasierako kaosa kontuan izan gabe, ondo funtzionatzen ari da, eta ikasleek ere asko laguntzen dute. Oraindik ez dakidana da noiz izango diren ahozko eta idatzizko azterketak.

Zein eragin dauka zugan itxialdiak?

Orain arte ez dut etxean geratzearen eragina sentitu. Neguan gutxitan irtetzen da hemen kalera, eta hogei urte Zumaiatik kanpo igaro ondoren, nahiko ohituta nago. Eskerrak bideo-deiak egin ditzakegun, nahiz eta gauza bera ez izan. 

Nola ikusten duzu hortik hemengo egoera?

Hemendik kezkaz bizi dut horko egoera. Informazioa Internet bidez eta irratitik jasotzen dut, eta asko beldurtzen nau. Itxialdia umorez eta lasaitasunez daramaten lagunekin hitz egiten dudanean lasaitzen naiz ni ere. Egia esan, informazio gutxiago bilatzen dut orain. Gogaituta nago zabaldu diren fake news-ekin, ez dakit zer sinetsi eta zer ez. 

Itxialdia umorez eta lasaitasunez daramaten lagunekin hitz egiten dudanean lasaitzen naiz ni ere

Zumaiara itzultzea pentsatu al duzu? Aukerarik izango zenuke?

Udan joatea gustatuko litzaidake. Ea ordurako egoera hobetzen den eta bidaiatzeko aukera daukagun. Ezin dut uda imajinatu Itzurun gabe, bainurik gabe, parolbideko paseorik gabe, poteorik gabe edota Amaia plazako edo Arranplako eserialdirik gabe. 

Italia gertu du Suitzak. Italiako egoera berean zaudetela esango zenuke?

Suitza biztanleko kutsatu gehien duen herrialdeetako bat da –301 kutsatu 100.000 biztanleko–, baina orokorrean, ez du zerikusirik Italiako egoerarekin. Hala ere, aipatu beharra dago kutsatu kopurua asko aldatzen dela herrialdeko gune baten edo bestearen artean. Suitza Europa bizitzen ari den egoeraren isla dela uste dut: gune latindarrean eragina handiagoa da germaniarrean baino. Kutsatu gehien herrialdearen hego-ekialdean aurkitzen da, gune frantsesean –833 kutsatu dituzte 100.000 biztanleko–.  Hala ere, gune germaniarrean –herrialdearen erdialdea eta iparraldea–, Basilean izan ezik, askoz ere baxuagoak dira kopuruak. Ni Zürichen bizi naiz, eta hiri honetan 195 kutsatu daude 100.000 biztanleko. Apirilaren 14ra arte, 3.067 kutsatu eta 78 hildako eragin zituen koronabirusak. Nire buruari galdetzen diot ea kopuruen ezberdintasunaren arrazoia latindarren eta germaniarren arteko ezberdintasun kulturalen ondorioa den. 

Uste duzu agintariek beharrezkoa egin dutela pandemia geldiarazteko?

Nik dakidala, Suitza ez da aitzindaria izan pandemia geldiarazteko erabakiak hartzerako orduan. Beste herrialde batzuen joerak jarraitu ditu, batik bat, Alemaniarenak. Hala ere, suitzarrek konfiantza handiagoa dute hemengo agintariekiko espainiarrek Espainiakoekiko baino. Koronabirusak eragin handiena izan duen guneetan, gune italiarrean eta frantziarrean, kritikoagoak dira hartutako neurriekin eta neurri zorrotzagoak hartu beharko liratekeela uste dute. Lehen kutsatuak Ticino hirian izan ziren, gune italiarrean, Lombardia ondoan. Gutxi gorabehera, 60.000 pertsona etortzen da Italiatik Suitzara egunero lanera. Muga horiek ez ziren itxi. Ez dut zalantzarik erabaki ekonomikoa izan zela, horietako askok supermerkatutan, garbiketan edota zaintzan lan egiten baitzuten. 

Gune germaniarrean, berriz, neurriak malgutzearen alde daude. Dirudienez, herrialdearen gune honetan ekonomia da garrantzitsuena eta atzeraldi ekonomikoak kezka handiagoa sortzen die gaixotasunak baino. 

Dirudienez, herrialdearen gune honetan ekonomia da garrantzitsuena eta atzeraldi ekonomikoak kezka handiagoa sortzen die gaixotasunak baino

Herritarrek errespetatzen al dute konfinamendua?

Komunikabideengandik jasotzen dudan informazioaren arabera, eta irteten naizen gutxitan ikusten dudana ikusita, orokorrean herritarrak itxialdia errespetatzen ari direla esango nuke. Ez da Espainian bezain zorrotza, eta errazagoa da errespetatzea. Duela egun gutxiko egunkari batek, esaterako, poliziak Aste Santuan lan gutxi izan duela zioen artikulu bat zekarren. Bizilagun gutxi batzuen deiak jaso dituzte, etxeetan gazteak elkartzen ari zirela salatuz.

Zer diote zientzialariek eta agintariek? Noiz bukatuko da arriskua?

Züricheko unibertsitateko zientzialariak gogor ari dira lanean, gaixotasunaren aurkako antigorputzen aurkikuntzan. Hala ere, ikerketa proiektu asko bertan behera geratu dira itxialdiaren eta egoera ekonomikoaren eraginez. 

Laster malgutuko dituzte neurriak: maiatzaren 11tik aurrera zabalduko dituzte hezkuntza zentroak, eta denda batzuk ere zabalduko dituzte, besteak beste, lore-dendak.

Uste duzu kutsatu kopurua beherantz joango dela?

Bai, gainera, dirudienez, gertatu da hori. Baina ez daukat inongo zalantzarik ez dela desagertuko. Ez dugu txerto eraginkor baten zain geratzea besterik, eta bitartean, kontuz ibili.