Bi egoiliar hil dira azken bi egunetan Otezuri egoitzan

Baleike 2020ko api. 19a, 19:03

Guztira, adineko lau pertsona zendu dira eskualdean; beste biak Zarauzko Santa Ana egoitzan izan dira.

Aldundiak jakinarazi duenez, azken bi egunetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 38 adineko pertsona gehiago sendatu dira, hamar hil dira eta 34k eman dute positibo. Zarauzko Santa Ana egoitzan lau pertsona dira gaixotasuna gainditu dutenak, baina bi dira, zoritxarrez, zendu direnak. Zumaiako Otezuri egoitzan ere beste bi egoiliar zendu dira.

Azken orduetan gaitza menderatu duten gainerako pertsonak ondorengo egoitzetan bizi dira: Beasaingo Arangoitin (1), Eibarko Egogainen (15), Tolosako Iurreamendin (14), Eibarko San Andresen (1) eta Irungo Caser Residencial Anakan (3). Beste muturrean, Zarauzko eta Zumaiakoaz gain, azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira San Andres (2), Ordiziako San Jose (1), Donostiako Berra (2) eta Egogain (1). Beste alde batetik, 42 lagun daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan ingresatuta eta 36 ospitaleratuta. Desgaitasuna duten pertsonen egoitzen egoerari dagokionez, bi izaten jarraitzen dute birusak eraginda dauden pertsonak, Donostiako Iza eta Uliazpiren zentroetan.

Guztira, 102 dira senda-agiria jaso duten adinekoak, baina 137 dira, ordea, hil direnek eta 276 diagnostiko positiboarekin daudenak. Gipuzkoan, 5.425 pertsona artatzen diren 65 egoitzako saretik hamasei dira kasu positiboak dituzten zentroak.

Eider Mendoza foru bozeramaileak, eskertu nahi izan ditu egoitzetako lantalde profesionalek egiten ari diren lana eta ahalegina, baita osasun-langileena eta familiena ere. Era berean, gogorarazi du aldundia bere “ahalegin, ezagutza eta esperientzia” guztia ari dela bideratzen gizarte zerbitzuen alorrean krisialdi honen kudeaketara, bereziki, adinekoen egoitzetara. Era berean, azpimarratu du egoitza guztien egoeraren eguneroko jarraipena egiten jarraituko dutela, eta gaineratu du Osakidetzak test bikoitzak egiten jarraitzen duela egoiliar eta langileei, baita desinfekzioekin, ikuskaritzekin eta aholkularitza teknikoarekin ere.