Ez dute kasu positibo berririk atzeman azken orduetan

Baleike 2020ko api. 19a, 14:03

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datu eguneratuen arabera, bi koronabirus kasu berri atzeman dituzte eskualdean: bana Zarautzen eta Azkoitian.

Koronabirus kasuak hautematen jarraitzen dute Urola Kostan, baina egunez egun murrizten ari da kasu berri kopurua. Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, bi kasu berri atzeman dituzte azken orduetan eskualdean; bat Zarautzen eta bestea Azkoitian. Eskualdeko beste herrietako positibo kopuruak berdin jarraitzen du. Hala, honako hauek dira, herriz herri, kontaketak hasi zirenetik positibo eman dutenen kopuruak: 111 Zarautzen, 47 Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, bederatzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Azken datuak kontuan hartuta, eskualdean 209 lagun kutsatu dira COVID-19arekin kontaketa abiatu zutenetik, baina positibo eman zutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik. 

Datuak lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 12.569 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 214 gehiago. 3.481 test egin dituzte hiru lurralde horietan azken 24 orduetan, eta horietatik %6,14k eman du positibo. Nafarroan, berriz, 4.654 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, eta horietatik 65 kasu azken orduetan atzeman dituzte. Hala, Hego Euskal Herrian, guztira, 17.190 lagun kutsatu dira kontaketa hasi zenetik, eta horietatik 1.431 hil dira COVID-19 gaitzaren ondorioz. Dena dela, nabarmendu behar da, guztira, 7.964 lagunek jaso dutela senda agiria, Osakidetzak eta Nafarroako Osasun Sailak emandako datuen arabera.