'San Telmo martxa' bideoan dantzatzeko deia egin du Musika Eskolak

Baleike 2020ko api. 19a, 10:08

Ohiko San Telmo jai batzueta, txupinazioaren ondoren, euskal dantza saioa eskainiko zuten Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako ikasleek. Aurten, alarma egoeragatik, ez da saiorik egin. Ikasitakoa, baina, bideo batean erakutsi nahi du Musika Eskolak. 

Hala, San Telmo martxa dantzatzeko deia egin du Alain Maya dantza irakasleak. Bakarka, familian edo lagun taldean parte hartu daiteke ekimen honetan. "Dantzari izan gabe ere parte hartu dezakezue. Deialdia herritar guztiei helarazi nahi diegu. Danborra, kaxak, kazuelak edo dena delakoak jotzen ere parte hartu daiteke", dio irakasleak.

Parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali dezakete WhatsApp bidez 617 89 06 84 telefono zenbakira edo alain_maya@hotmail.com posta elektronikoko helbidera. Irakasleak zer zati dantzatu behar duen adieraziko du, eta bideo horiek aurrez aipatutako helbideetara bidali beharko dute jarraian. Bidalitako bideo zatiekin montajea egingo dute jarraian.