COVID-19 kasu berri bat atzeman dute herrian

Baleike 2020ko api. 18a, 14:01

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, guztira, 47 koronabirus kasu zenbatu dituzte Zumaian, baina positibo eman zutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko.

Koronabirusa hedatzen ari da, baina haren abiadura moteldu egin da egunotan. Herenegun lau kasu berri zenbatu zituzten eskualdean, eta atzo bi kasu izan ziren; horietako bat Zumaian atzeman zuten eta bestea Azkoitian. Hala, 47 dira kontaketa hasi zenetik positibo eman duten lagunak herrian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, guztira, 207 positibo zenbatu dituzte eskualdean: 110 Zarautzen, 47 Zumaian, hamasei Orion, hamahiru Azkoitian, bederatzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.

Datuak lurraldeka
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 12.355 kasu zenbatu ditu Osakidetzak, atzo baino 266 gehiago. Atzoko egunez 2.999 test egin zituzten, eta horietatik, %8’8ak eman zuen positibo; hau da, hamarretik batek baino gutxiagok eman zuen positibo proban. Guztira, 51.274 test egin dituzte pandemia hasi zenetik gaur arte. Bestalde, Nafarroan, 4.579 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, atzo baino 146 gehiago.

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.374 dira koronabirusaz hildakoak, atzo baino 44 gehiago. Izan ere, azken orduetan 28 pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 16 Nafarroan. Sendatu diren pazienteak, berriz, 954 dira Nafarroan eta 6.556 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.