Beste koronabirus kasu bat detektatu dute Zumaian

Baleike 2020ko api. 17a, 14:08

Beste koronabirus kasu bat detektatu dute Zumaian azken orduetan. Eskualdean lau izan dira positibo berriak: Zumaiakoaz gain, Zarautzen bi kasu izan dira, eta Azpeitian bat.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kostan, baina haren abidura moteldu egin azken egunotan. Herenegun postitibo berri bakarra zenbatu zuten eta atzo lau izan ziren; horietatik bi Zarautzen eta bana Azpeitian eta Zumaian. Eskualdeko beste herrietako positiboen kopuruek berdin jarraitzen dutela jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Guztira, 205 positibo zenbatu dituzte bailaran.

Honako hauek dira, herriz herri, kontaketak hasi zituztenetik positibo eman duten pertsonen kopuruak: 110 Zarautzen, 46 Zumaian, hamasei Orion, hamabi Azkoitian, bederatzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.

Datuak lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 12.089 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, atzo baino 299 kasu gehiago. Atzo 3.212 proba egin zituzten, eta horietatik % 10ek eman zuten positibo; eta horrek esan nahi du hamar probatik bederatzik emaitza negatiboa eman zutela. Guztira, 48.230 test egin dituzte pandemia hasi zenetik gaur arte. Nafarroan, 4.433 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, atzo baino 85 gehiago.

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.257 dira koronabirusaz hildakoak, atzo baino 38 gehiago. Izan ere, azken orduetan 36 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bi Nafarroan. Sendatu diren pazienteak, berriz, 892 dira Nafarroan, eta 6.144 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.