Lagunen gutuna: Bixen

Scotlandfree 2020ko api. 16a, 19:31

Iosu Vicente Mendizabal. Iosu. Bixen. Bizanzio. Bingen. “Izena badu, bada” dio esaerak eta gure Bixen bazen, bada.

Etiketak jarri ohi ditugu pertsonak, herriak eta beste hainbat gauza deskribatzeko, definitzeko. “Hau horrelakoa da”, “Herri hortakoak halakoak dira”, erraztu egiten digu pertsonen, herrien, egoeren aurrean nola kokatu, klabe bat ematen digu, baina, hari mutur baten gisan, atzetik datorrena aurkitzeko, tira egin behar izaten da osotasuna ikusteko. Etiketek ezkutatu ere egin bait dezakete, beste ezaugarri batzuk tapatu. Eta izen eta ezizenak bezala, Iosu ezin etiketa batekin bakarrik definitu.
 
Irekia zen, konbertsazio errazekoa, irrifarra aurretik zuena, baina, nola ez, bere argi-ilunak zituena, bere lotsak, beldurrak, kezkak… denok bezala, baina berak bereak.
 
Munduan gure lekua aurkitzeak bidea egitera eramaten gaitu. Joan-etorriak asko izan dira Iosuren bizitzan, mendirako joanak asko azken urteetan. Etorriak herrira, etxera beti. Mendiak askotan izan du Iosu bere ondoan, baina babeserako portua beti izan zuen Zumaian, bere Patxita Etxezarretako etxean, gurasoen ondoan.
 
Urrutira joaten baitzen Iosu leku bila, urrunduta egoten zen denbora luzez, baina portua beti leku berean. Gutxien espero genuenean dei bat, garagardo bat Kabin edo arranplako petrilean, afari gonbite bat, eta inoiz urrundu ez bagina bezala kontu-kontari egoteko aukera.
 
Eta horrekin geratuko gara, eman zigunarekin, kendu zaiguna baino gehiago izango baita Iosu gugan badugu.
 
PD: Bixen, hau irakurtzen egongo haiz ta… enkargu bat: goraintziak eman gure partez Romanelli eta Zendoiari.