Covid-19 gaitza zuten lau egoiliar sendatu dira Otezurin

Baleike 2020ko api. 16a, 16:35
Arritxu eta Patxi, gaur, Otezurin

Koronabirusak denon bizitza errotik aldatu duen aro honetan albiste onak aurkitzea ez da erraza izaten, baina egon, badaude. Zumaiako Otezuri zentroan aurkitu dugu bat: lau egoiliarrek gainditu dute gaitza azken egunotan zentro honetan, eta alta jaso dute.

Arritxu da alta jaso duenetako bat. Arritxu eta Patxi senar-emazteak dira, eta Otezuri zentroko egoiliarrak dira. Bizitza normala zeramaten zentroan birus mikroskopiko batek egoera hankaz gora jarri zuen arte. Bietako batek, Arritxuk, positibo eman zuen koronabirusaren testean; Patxik, ordea, negatibo. Zentroan bertan egokitutako isolamendu gune batera eraman zuten Arritxu, tratamendua jasotzeko. Patxi, berriz, bere gelan geratu zen. Zentro berean, baina bi mundu desberdinetan. Gaur arte. Tratamenduari egoki erantzun dio Arritxuk, eta azken testean negatibo eman ondoren, alta eman diote. Gaitza gaindituta, gaur elkartu dira berriro Arritxu eta Patxi.

Beste hiru lagunek ere albiste pozgarri hori jaso dute aste honetan. Azken egunotan lau laguni eman diote alta Otezuri zentroan: egoiliar batek asteartean eta beste hiruk atzo. Isolamendu gunea utzi eta beraien ohiko geletara itzuli dira. Bizitza normal batera itzultzeko oraindik asko faltako zaie, zentroko beste egoiliar batzuk oraindik isolamendu gunean jarraitzen dutelako, koronabirusaz kutsatuta.

28 kasu positibo izan dira Otezuri zentroan koronabirusaren krisialdia hasi zenetik. “Ez dakigu nola sartu zen birusa zentroan, baina sartu zenetik ahal dugun guztia egin dugu egoera kontrolpean izateko”, azaldu dio Otezuriko zuzendaritzak Baleikeri. “Zentroko pertsona guztiei egin zaizkie testak, egoiliarrei zein profesionalei, eta ordutik kutsatuen kopurua egonkortu dela esan daiteke. Proba hauei esker, zentroan zeuden positibo guztiak detektatu ditugu, eta baita neurri egokienak hartu ere”, gaineratu du.

Kutsatutako egoiliarrak isolatuta egon direla azaldu du. “Egoiliar hauek isolamendu unitate batean egon dira, birusa zentroan ez hedatzeko”. Osasun egoeraren izandako konplikazioak direla medio, gaixo hauetako batzuk, hamar, Donostiako zerbitzuetara bideratu dituzte, Arantzazu ospitalera, Poliklinikara eta Antiguako Gurutze Gorriko zentrora”. Une gogorrak ere bizi izan behar izan dituzte, denbora gutxian zazpi pertsona zendu direlako gaitzarengatik. Aurrez aipatutako lau egoiliarrek alta jaso ondoren, zazpi pertsonak jarraitzen dute zentroan bertan, isolatuta.

Zentroko langileek egindako lana txalotu du zuzendaritzak. “Lan ona ez, aparta egin dute profesional hauek”. Bere zailtasunekin, baina langileek hasieratik NBEak (norbera babesteko ekipamenduak; EPIak, gazteleraz) izan dituztela azaldu du. “Hasiera hartan NBEen eskasia egon zen zentroan, baina baita beste leku guztietan ere. Ez zeuden, eta NBE alternatiboak ere erabili behar izan ditugu. Denborarekin normaltasun batera heldu gara. Matiatik eta Aldunditik ekarritakoak jaso ditugu, eta baita norbanakoek egindakoak ere, babesteko betaurrekoen kasu, hauek ere falta ziren eta. Denen koordinazioarekin stocka normalizatu dugu, baina lanean jarraitzen dugu. Bost zentzuekin jarraitu behar dugu lanean”.

Udazkenean pandemiaren bigarren olatua izango dela susmatzen da, eta horretarako prest daudela eman du jakitera. “Diputazioarekin eta Osakidetzarekin harremanetan gaude, eta protokolo bat ere martxan jarri dugu izan daitezkeen egoera desberdinetarako”.

Komunikazio kanal berria

Egoera honek familietan sor dezakeen egonezinaren jakitun, beste komunikazio kanal bat zabaldu du Matia Fundazioak, Otezuriren kudeaketa eramaten duen enpresak. Orain arte senitarteko bati egiten zioten dei egoiliarraren eta egoitzaren berri emateko. Orain beste familiartekoek ere jaso ahal izango dute zentroaren inguruko informazioa, astean bitan, posta elektroniko edo telefono bide. Posta elektronikoko aukera nahiago dutenek, info@matiafundazioa.eus helbidera mezu bat bidali dezakete. Zer zentroko informazioa jaso nahi duten adierazi beharko dute. Kasu honetan, Otezuri zentroa izango litzateke. Telefonoz, Mutua Orientako 943-31 71 23 telefonora deitu dezakete.