Positibo berririk ez Zumaian

Baleike 2020ko api. 14a, 13:58

COVID-19 birusaren proba egiten hasi zirenetik, guztira 45 positibo zenbatu dituzte herrian. Eskualdean Zarautz da, nabarmen, positibo gehien eman duen herria, 105 kasu zenbatu baitituzte han.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, Zumaian ez dago kutsatu berririk COVID-19 birusarekin. Inguruko beste herri batzuetan baino kasu gutxiago atzeman dituzte orain arte Zumaian: 45. Konparazio baterako, 105 dira kutsatuak Zarautzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 11.226 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 208 gehiago. 1.367 test egin dituzte hiru lurralde horietan azken 24 orduetan, eta horietatik %15ek eman dute positibo. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du portzentaia hori orain arteko baxuena izan dela. Nafarroan, berriz, 4.150 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak.

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.108 dira koronabirusarekin hildakoak. Hildako berrien kopurua azken egunetakoa baino baxuagoa bada ere, “datu lazgarria" izateari ez diola uzten nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. Gaitza gainditu duten pertsonak ere badaude, noski. Guztira, 5.923 pertsonek senda agiria jaso dute Osakidetzak eta Nafarroako Osasun Sailak emandako datuak kontuan hartuta.