Bi heriotza izan dira Otezuri zentroan azken orduetan

Baleike 2020ko api. 12a, 19:18

Asteburu gogorra izaten ari da hau Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. 15 egoiliar hil dira azkeneko orduetan, horietatik hiru eskualdeko zentroetan: bi Zumaiako Otezurin, eta bat Zarauzko Santa Anan.

Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, 15 dira azken orduetan Gipuzkoako egoitzetan zendutako egoiliarrak. Horietatik bi Zumaiako Otezuri zentroan hil dira, eta bat Zarauzko Santa Ana egoitzan. Koronabirusaren krisialdia hasi zenetik bost lagunek galdu dute bizitza Zumaiako zentro honetan.

Beste heriotzak Iturbide (Arrasate), Berra (Donostia), Egogain (Eibar), San Jose (Ordizia) eta Iurreamendi (Tolosa) zentroetan gertatu dira. Horiez gain, 20 lagunek eman dutela positibo Covid-19n. Guztira, koronabirusaren krisialdia hasi zenetik, 91 heriotza zenbatu dira, 301 positibo eta 25 lagun sendatu dira. 

Bozeramaileak adierazi du egun hauetan zehar egoitzetan desinfekzioak egiten ari direla, eta jarduera hauek indartu egingo direla suhiltzaileen eta DYAko boluntarioen aldetik, gune komunetan, eta enpresa espezializatu baten eskutik logeletan. Lau egunean behin egiten dira egun lan hauek.

Materialaren banaketa ere izan du hizpide Mendozak. Adierazi du Gipuzkoako Foru Aldunditik “sekulako” ahalegina egiten jarraitzen ari dela lurraldeko egoitza guztiak babeserako materialaz hornitzeko. Foru erakundeak Osakidetzak egiten dituen banaketak osatzen dituela gaineratu du, eta horretarako, egoitzek planteatzen dituzten beharrak sistematikoki jasotzen direla. “Egoitzekin dugun harremana egunerokoa da, gaixotasunaren bilakaera ezagutzeko, babeserako materialaren inguruko beharrak asetzeko, baita babeserako neurrien eta zentroen sektorizazioaren inguruko aholkularitza eta formakuntzarako ere”, azaldu du Mendozak. “Euren alboan gaude eta hala egoten jarraituko dugu, lan handia egiten ari dira eta Aldunditik laguntza ematen jarraituko dugu gure esku dauden baliabide guztiekin”.