Rakel Nacenta, denboraren sendagilea

Maria Maya Manterola 2020ko api. 13a, 10:00
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Artelanak eta interes historikoko obrak egoera onean mantendu daitezen egiten du lan Rakel Nacentak, eta horretarako garbiketa, konponketa eta mantentze lanak egiten ditu. Herrian artelan ugari leheneratu ditu, eta horien artean da 1960an paoleko barran izan zen istripuko gazteak oroitzeko mosaikoa.

“Hilda dagoen horri bizia ematen” aritzen da lan Rakel Nacenta zumaiarra. Zaharberritzailea da, eta artelanek zein interes historikoko piezek biziraun dezaten egiten du lan. Beti jo izan du eskulanetara: Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean zegoenean, plastikako irakaslea izatearekin amesten zuen. Arte Ederrak ikastea erabaki zuen halako batean, EHUren Leioako campusean, eta orduan ezagutu zuen obrak leheneratzearen arloa.

Lehen alaba izan arte, irratiak muntatzen egiten zuen lan Nacentak. Enpresa utzi zuen gero: “Nire ikasketak eta lehenago izan nintzen Rakel hori berreskuratzeko baliatu nuen aukera”. Orduan iritsi zitzaion zumaiarrontzat berezia den artelan baten konponketa egiteko proposamena: 1960an olatuak eramandako sei gazteak oroitzeko mosaikoa. Nacentaren arabera, gainera, obra horixe izan da lan egin duen guztietan ezberdinena: “Erramintariekin, igeltseroekin eta gremio askotako kideekin egin behar izan nuen lan. Mosaikoa barratik ateratzea lan izugarria izan zen”. Haren hitzetan, aberasgarria da ogibide ezberdinetako kideekin lan egin ahal izatea. Nacentak, esaterako, David Carretero igeltseroarekin egin zuen lan. Carreterok pikatu egiten zuen, eta bien artean atera zuten mosaikoa, sei zatitan. Mosaikoa kanpoan zela, berriz ere pieza guztiak batu, eta orduan ekin zion bere lanari zaharberritzaileak. Zumaiar gehiagorekin ere topo egin izan du Nacentak lanean, besteak beste, Angel Etxaniz edo Xanti Osa arotzekin.

Rakelen arabera, obra bakoitza berritzeko teknika ezberdin bat ikasi du. Bere kasa ikasi behar izan du, beraz: “Interneten eta liburuen bitartez asko ikasi dut. Hala ere, baditut lanean lagundu nauten jendearen kontaktuak”. Mosaikoaren egile beraren –Vicente Rodilla– obra bat leheneratzen ari den zaharberritzaile bat ere ezagutu zuen, esaterako. Harekin egon zen, eta erabilitako teknika esplikatu zion zaharberritzaile hark. Nacentaren hitzetan, ezberdinak dira obra guztiak, eta edozerrekin egin dezakezu topo.

Berriztatze lan bati ekiteko, argazkiak egiten ditu lehenbizi Nacentak, eta horiek aztertuta jasotzen du obraren egoera zehatzaren berri. Obra desmuntatu egiten da, eta pieza bakoitzak agintzen dio Nacentari egin beharrekoa. Atzetik aurrera egiten da beti lan, polikromia hondatuta ez dagoen kasutan, behintzat. Egurra sitsak janda egon ohi da eta lan handia eskatzen du: garbitu egin behar izaten da, hezetasuna kendu... batzuetan dena ezin izaten zaio kendu, blaituta egoten delako. Kasu horietan, kendu eta egur edo euskarri berri bat ezartzen diote. Mihisea tratatu ondoren atzera muntatzen da berriz artelana. Falta diren bolumenak ere jartzen dizkiote: esaterako, marko batek hiru arrosa baditu eta izkina batekoa falta bazaio, gainontzeko hiru horiek ematen dizuten informazioarekin osatzen dute laugarrena. Gero urreztatu ere egin daiteke, obrak eskatzen duenaren arabera.

Seme-alabak balira bezala ikusten ditu artelanak. “Artelan bat ikusten dudanean arreta handia jartzen dut. Gogo handia izaten dut barrutik nola dagoen ikusteko. Esku hartzen dudanean, obrak berak eskatzen dit 'konpondu hemengo zati hau, edo konpondu hangoa'”.

Materialak adina teknika

Obrak leheneratzeko erabil daitezkeen irizpideak izan ditu hizketagai Nacentak. Batzuen arabera, egileak egin duenera ahalik eta gehien hurreratu behar da leheneratzean. Horretarako, margoen kasuan, marratxoekin, puntuekin edo imitaziozko teknika erabiliz betetzen dira hutsuneak. Nacentak azaldu duenez, imitaziozkoa egilearen pintzelkadak jarraitzean datza. Hori da integratuen geratzen dena, baina batzuetan, orban handiak direnean, adibidez, hobeto geratzen dira marrak.

Charles Cotteten –Ignacio Zuloagaren lagun mina– koadro bat zaharberritu du duela gutxi Nacentak. Kasu horretan, koadroaren hondoa abstraktua da, eta margo orbanez osatuta dagoenez, imitaziozkoa erabili du. Obra originala ez bezala, akuarela erabili du, horrela, berritutako hori edozein momentutan kendu ahal izateko. “Jartzen duzun guztia itzulgarria izan behar da, arau bat da”.

Udan galbano bat berritu zuen, azken afarikoa. Zilarrezko bainu bat da, kobrezko xafla baten gainean egina. Madrileko Ruiz y Sanchez enpresan egindako obra dela jakin ahal izan du Nacentak, 40ko edo 50eko hamarkadan. Enpresara deika ere aritu zen Nacenta, eta enpresa hori gaur egun badagoela jakin ahal izan zuen. Hirugarren belaunaldia ari da lanean.

Seriean egiten zituzten produkzioak. Garai hartan, azken afariaren ikonografia modan jarri zen. Ezkontzetako opari gisa ematen zituzten obrak: “El cenáculo” deitzen zieten. Obra jaso zuenean berdea zegoen. Kobreak denborarekin hauts berde bat sortzen du, babesteko. Atzetik eta aurretik garbitu ondoren, figurak zuten beltza kendu zien Nacentak. Hondoan marra solte batzuk egin zituen, horrela eszena hondotik atera zedin, protagonismoa figurei emanez. Berniz bat jarri zien gero, metala babesteko. Lana entregatu zuen, eta gizona oso pozik dago. “Gabonetan deitu zidan, esateko jangelan jarria dutela obra, eta nirekin gogoratzen dela egunero”.

Eskaiolaz eta akrilikoz egindako Arantzazuko Amabirjina txiki bat ere berritu du duela gutxi. Polikromia ez zen ondo geratu, oinarria erreta zegoelako. Nacentaren arabera, hori arraspatzen hasiz gero, obrarik gabe gera zitekeen. Leku batzuetan ez zuen polikromia onartzen, eta behin eta berriz esku hartu behar izan nuen. Azkenean pozik geratu da emaitzarekin.

Parrokiako triptikoa ere berritzen aritu da. Aurrena gainazaleko garbiketa bat egin zion obrari, onddoak kentzeko. Orduan ohartu zen beste esku hartze batzuetako aztarnez: “Originalak baino orban ilunagoak zituen, obran bertan oso finkatuta”. Beraz, kolorea indargabetu dio Nacentak.

“Denboran irauten duten esku hartzeak eta irauten ez dutenak daude”, dio. “Koadroek bizi ziklo bat dute. Argiak eragina du, koloreek ere bai, dilatazioek, uzkurdurek...”. Haren arabera, esku hartze bat betirako da, egindako hori elementu berri bat delako. Hala ere, obra horrek uko egin diezaioke esku hartze horri denborarekin.

Herria, eskertuta

Zaharberritzailearen hitzetan, jendea ohartzen da bere lanaren atzean prozesu bat dagoela. Orain enpresa batean ari da lanean Idoia Idigoras, baina lan asko egin dituzte elkarrekin. Arritokietako artelanak berritzeko, esaterako, arratsaldeetan zituzten tarteak baliatzen zituzten biek. “Aitona-amonek ikusi eta ‘ondo ari zarete, segi lanean’ esaten ziguten. Azken finean, herriaren ondarea da”.

Amabirjinaren irudia bukatuta ikusi zutenean gustatu egin zitzaiela dio Nacentak, pozik. “Oso polita geratu zen, fin-fina. Ez genuen esku hartze erasokorrik egin. Ez genuen urreztatu ere egin, garbitu baizik”. Lehenago jarri zioten polikromia –Santillana del Mar herrian berritu zuten 1975ean– urdina zen. Obra originala, ordea, ez zen halakoa: garbituz gero, urreztatura hel zintezkeen. Beraz, bol gorrian utzi zuten, ezin zutelako guztia urreztatu.

Libre dituen orduetan egiten du lan Nacentak, jatetxe batean ere egiten duelako lan. Beraz, dituen tarteak baliatzen ditu zaharberritzeko. Hala ere, ez da erraza artelan bat konpontzeko behar den denbora kalkulatzea: “Adibidez, gertatu zait pentsatzea sitsak jan gabeko obra bat landu behar dudala, eta ohartzea ez dela horrela. Horrek hilabete bat atzera diezazuke lana, sitsaren aurkako tratamendu gogor bat egiten baduzu”.

Orain arte ez ditu erabili izan, baina aurrerantzean teknologia berriak baliatuko ditu Nacentak obrak zaharberritzeko. “EHUn badituzte X izpien bidez obrak barrutik nola dauden ikusi ahal izateko makinak”. Nacentaren arabera, aldaketak izango dira datozen urteetan.

  • Adina: 48
  • Ikasketak: Arte Ederrak
  • Zaharberritzailea ez banintz... geologoa.
  • Lanetik ateratakoan gogoko dut... deskantsatu, familiarekin egon eta postreak dastatzea.