Beste koronabirus kasu bat atzeman dute Zumaian azken 24 ordutan

Baleike 2020ko api. 11a, 14:14

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 38 dira Zumaian kutsatutakoak. Kontaketarekin hasi zirenetik, eskualdeko 179 lagunek eman dute positiboa koronabirusaren proban.

Pixkanaka, baina gorantz jarraitzen du Covid-19 gaitzak hartutako herritarren kopuruak Urola Kosta eskualdean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian eman dituen datuen arabera, beste lau koronabirus kasu eman dira eskualdean: hiru Zarautzen eta beste bat Zumaian. Eskualdeko beste herrietan ez dute beste kasurik zendatu azken 24 orduetan.

Azken datu hauekin, eta kontaketak hasi zirenetik, 98 lagunek eman dute positiboa koronabirusaren proban Zarautzen, eta 38k Zumaian. Hamalau dira Orion zenbatutako kasuak, hamar Azkoitian eta zortzi Azpeitian; hiruna Aian, Getarian eta Zestoan; eta bi Aizarnazabalen. Beizama eta Errezil dira koronabirus kasurik ez duten eskualdeko herriak.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik. 

Lurraldekako datuak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 10.515 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 412 gehiago. Guztira, 765 pertsona hil dira hiru lurralde horietan. Atzo, 36 pertsona zendu ziren. Gaitza gainditu duten pertsonak ere badaude, noski: 4.021 alta eman ditu Osakidetzak.

Nafarroan, berriz, 3.817 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak eta 227 hildakoak. Hala, azken 24 orduetan, 69 positibo berri eta bederatzi hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Guztira, 603 pertsonak hartu dute alta lurralde horretan.