Irati Osa: “Ahal dudana egingo dut hau bukatzean; orain, osasuna lehenesten dut”

Baleike 2020ko api. 7a, 18:30

Etxean ere sasoiari eusten ari da Irati Osa piraguista zumaiarra. Europako Txapelketa uztaila bukaeran jokatuko da, eta lehen bost postuetan sailkatuko balitz, mundialera joango litzateke. Atzeratu egingo denaren zurrumurruak daude, baina ezer ez da ofiziala. Itxialdia bukatzen denean "betiko martxa" hartzea espero du Osak.

“Itxialdia hasi aurreko ostegunean unibertsitateak itxi zituztela jakin genuen, eta egun berean, asteburuan jokatzekoa zen piraguismoko Espainiako Txapelketa bertan behera geratu zela esan zidaten.
Espainiako Txapelketaz gain, apirila bukaera arteko lehia guztiak ere bertan behera gelditu dira. Ondorengo txapelketekin zer gertatuko den jakin zain gaude. Momentuz, ez dira bertan behera gelditu, baina pentsatzen dut moldaketak egingo dituztela egutegian.

Uste dut ez direla jokatuko orain arte bertan behera gelditu diren probak. Apirileko txapelketak garrantzitsuak dira, baina ez dute Europako edo Munduko txapelketara sailkatzeko balio. Benetan garrantzitsuak aukeratze txapelketak dira, bi lehia horiek jokatzeko plaza lortzeko aukera ematen dutelako. Europako Txapelketara sailkatzeko proba maiatzaren bukaeran da jokatzekoa, eta momentuz ez dugu horren inguruko berririk.

Bestalde, Europako Txapelketa uztaila bukaeran jokatuko da, eta lehen bost postuetan sailkatuko banintz, mundialera joango nintzake. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den; atzeratu egingo denaren zurrumurruak daude, baina ez da ezer ofiziala. Apirila erdialdean aztertuko dute egoera arduradunek, eta horren arabera hartuko dituzte erabakiak.

Konfinamendua dela-eta uretako eta aire zabaleko entrenamenduak debekatuta daudenez, beste modu batean entrenatzen ari naiz. Klubak kayak ergometroa eta bizikleta estatikoa utzi dizkit, eta ariketa aerobikoa egiten dut horiekin. Bestalde, pisu batzuekin gorputzaren muina lantzen dut, eta luzaketak ere egiten ditut. Ahal dena egiten dut.

Europako eta Munduko txapelketetako nire aurkari gehienak ez dira aldaketa handiegirik izaten ari entrenamenduetan. Baina hemen etxean egon beharra tokatu da, eta onartu egin behar. Ahal dudana egingo dut hau bukatzean, baina orain osasuna lehenesten dut. Hala ere, Europako edo Munduko txapelketetan jokatuz gero, nire maila onena ematen saiatuko naiz.

Psikologikoki, ondo daramat egoera. Unibertsitateko eskolak izaten ditut goizetan, eta arratsaldeetan, taldeko lanak egiteko konektatzen naiz. Goizeko eta arratsaldeko unibertsitateko lanen arteko tarte horretan entrenatzen dut egunero. Eguna beteta izaten saitzen naiz.

Itxialdia bukatzen denean, pixkanaka entrenatzen hasiko naiz, eta uste dut hartuko dudala betiko martxa”.