Jaunartzeak irailera atzeratu ditu Zumaiako parrokiak

Baleike 2020ko api. 7a, 15:04

Koronabirusaren krisialdia dela eta ezarritako alarma egoerak eragina izango du lehenengo jaunartzetan ere. Maiatzerako aurreikusitako jaunartze hauek irailean egitea erabaki du parrokiak. 

Hasiera batean maiatzaren 10ean eta 17an ziren egitekoak lehenengo jaunartzeak Zumaian. Baina, Covid-19 gaitza ez hedatzeko hartutako neurrien ondorioz, bertan behera utzi behar izan dituzte data horiek. "Gure parrokian 500 pertsonentzako lekua dago, eta ez dirudi hilabete barru beharrezkoak diren baldintzak emango direnik hainbeste jende eraikin itxi batean biltzeko", azaldu die Juan Pablo Aroztegi parrokoak jaunartzea egitekoak diren neska-mutilen gurasoei.

Data berriak erabakitzeko Zarauzko, Orioko, Aiako eta Aizarnazabalgo parrokiekin harremanetan jarri dela ere gaineratu du, "kointzidentziak saihesteko". Hala, lehen jaunartzeen data berriak irailaren 20a (1. txanda. Itxaso eta Lourdes / Marisol katekisten taldeak), eta irailaren 27a (2. txanda. Marije eta Kontxi katekisten taldeak) izango dira. 

Aizarnazabalgo kasuan, jaunartzeak abuztuaren 30era mugitu dituztela ere adierazi du parrokoak.