Ez dute koronabirus kasu berririk detektatu Zumaian azken 24 orduetan

Baleike 2020ko api. 7a, 14:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, ez da koronabirus kasu berririk ezagutu Zumaian azken 24 orduetan. Bezperako 34 kasu positiboak ezagutzen dira. Hori bai, Urola Kosta eskualdean beste zortzi kasu ezagutu dira, Zarautzen eta Orion.

Eskualdean 162 lagunek eman dute positibo koronabirusaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, zortzi kasu berri antzeman dituzte eskualdean. Zarautz da gaitzak jotako herritar gehien dituen eskualdeko herria; 89 lagun daude gaixo, eta beste zazpi kasu baieztatu dituzte azken orduetan. Zumaian 34 herritarrek dute koronabirusa, eta Orion hamalauk; izan ere, Orion kasu berri bat antzeman dute azken orduetan. Azpeitian zortzi dira gaixorik daudenak, eta zazpi Azkoitian. Getarian eta Zestoan hiruna lagunek dute gaitza, eta Aian eta Aizarnazabalen bina herritarrek.

Hego Euskal Herrian, berriz, dagoeneko 12.376 lagun daude kutsatuta, eta 788 hil dira gaitzaren eraginez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.021 kasu positibo baieztatu ditu Osakidetzak orain arte, eta 211 azken orduetan atzemandakoak direla jakinarazi du. Gainera, gaitza zuten 38 lagun hil dira herenegundik eta, guztira, 586 dira COVID-19aren eraginez zendu direnak.  

Nafarroan berriz, 3.355 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatuak eta 202 hildakoak. Hala, azken orduetan,  104 positibo berri eta 15 hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. 

Erlazionatuak