Beste egoiliar bat hil da koronabirusagatik Otezuri zentroan

Baleike 2020ko api. 7a, 12:27

Otezuri zentroan koronabirusaren eraginez beste egoiliar bat zendu dela baieztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Honekin hiru dira zentro honetan hildako pertsonak krisialdia hasi zenetik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo iluntzean emandako datuen arabera, hamabi lagun zendu dira azken bi egunetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan, eta 33k eman dute positibo Covid-19 gaitzaren testetan. 

Azken hildakoak izan dituzten egoitzak izan dira Tolosako Iurreamendi (2), Eibarko Egogain (1), Zarauzko Santa Ana (1), Zumaiako Otezuri (1), Beasaingo Arangoiti (4) eta Ordiziako San Jose (3). Orain arte, 40 dira egoitzetan hildako adineko pertsonak.

Aldundiaren arabera, guztira hamalau dira positiboren bat antzeman duten egoitzak, sarea osatzen duten 65 zentroak kontuan hartuta. Egoitza-sare osoan 199 pertsonek eman dute positibo, 20 ospitaleratuta daude eta 34 eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora.