Zumaian egindako babes materiala, herriko beharrak asetzeko

Baleike 2020ko api. 5a, 09:00

Zumaiako 'maker' sarea babes materiala sortzen ari da, etxean, 3D inprimagailuak erabilita. Hasiera batean Covid Euskadiren bidez egiten zuten banaketa, baina sortutako materiala Zumaian bertan banatzen ari dira orain, Udalarekin elkarlanean.

Koronabirusaren hedapena saihesteko beharrezko babes materialaren falta salatu dute zenbait profesionalek eta sindikatuk azken egunotan. Zabor poltsekin beren ekipoa egin behar izan duten profesionalen irudiak ere heldu zaizkigu. Material hori beren kabuz sortzen eta osasun langileen esku jartzen hasi da zenbait herritar, eta era antolatuan ere ari dira materiala sortzeko sareak osatzen. Zumaian, esaterako, bost maker ari dira 3D inprimagailuak erabiliz etxean biserak egiten.

Covid Euskadi sarearentzat hasi ziren lanean: sare horrek materiala jaso, desinfektatu eta kalitate kontrola egin ostean, Osakidetzaren esku uzten du materiala, banaketa eskaeraren arabera egiteko. Zumaiako boluntarioen lanaz jakitun, Udalak materialez hornitu zituen maker horiek. Jon Velarde da etxean 3D inprimagailuak erabiliz biserak egiten ari den boluntarioetako bat. "Hasiera batean Osakidetzak eta adinekoen egoitzek jaso zituzten Covid Euskadi sareak egindako 3.000 bisera inguru", azaldu du Velardek. Langarri enpresak hartu zuen materiala banatzeko ardura Espainiako Gobernuak enpresak ixteko agindua eman zuen arte. Velarderen arabera, horrek zaildu egin zuen materialaren banaketa: "Covid Euskadiko Gipuzkoako arduradunarekin jarri ginen harremanetan, eta esan genion Zumaiako Udala ari zela laguntzen. Orduan proposatu genion Zumaian sortutako babes materiala herriko beharrak asetzeko erabiltzea". Behar horri "azkar" erantzuteko gaitasuna badutela uste dute Zumaiako maker-ek.

Maider Alberdi Berdintasun eta Parte Hartze zinegotziak azaldutakoaren arabera, orain Udalak eta Gaztetxeko kideek elkarlanean antolatutako adinekoen erosketa zerbitzuko boluntarioek jasotzen dituzte biserak maker-en etxeetatik, horretarako protokolo bera erabiliz. Dagoeneko iritsi dira biserak Otezuri eta San Juan egoitzetara; guztira, 150 banatu dituzte. Maker-ek egindako karetez gain, Udalak 400 eskularru eta 300 maskara kirurgiko gehiago ere eraman ditu egunotan Zumaiako egoitzetara.

"Material gehiago eskatu dugu, eta osasun zentrora eta komertzioetara bideratuko dugu hurrengo multzoa", dio zinegotziak. Datozen egunetan material gehiago banatuko dute, Velardek aipatu duenez: "Erosketa zerbitzuko boluntarioek biserak jasoko dituzte, eta bide batez, biserak sortzeko materiala ekarriko digute". Alberdik azaldu du Azpeitiko enpresa bat ari dela sortzen biserak egin ahal izateko materiala, debalde. 

Ordubete inguru behar izaten du 3D inprimagailuak bisera baten plastikozko oinarria egiteko, eta eskuz lixatzen dute ondoren pieza. Azkenik, aurrealdeko plastikozko xafla gardena ezartzen diote, eta erosketa zerbitzuko kideek materiala jaso ondoren, udal brigadako langileak arduratzen dira behar bezala desinfektatzeaz.

"Haiek dira hau aurrera ateratzen ari direnak; gu, ahal den heinean laguntzen ari gara"

Medikuei eta zaintzaileei eskerrak eman nahi izan dizkie Velardek. "Haiek dira hau aurrera ateratzen ari direnak; gu, ahal den heinean laguntzen ari gara". Zumaiako Udalarentzat ere esker hitzak izan ditu Velardek, baita Covid Euskadikoentzat ere: "Beraiek dira hau martxan jarri zutenak". 

 

Neurri ugari
Osasun krisialdia hasi zenetik neurri ugari jarri du martxan Zumaiako Udalak, adinekoen erosketa zerbitzuaz eta maker sareaz gain. Herriko ikastetxeekin elkarlanean, herriko ikasle guztiek etxean internet izatea bermatuko du, guifi.net sarea erabilita. Zumaiako haur eta gazteen hezkuntza eskubidea bermatzea da hartutako neurriaren helburua. 

Herritarren zama ekonomikoa arintze aldera, zergen ordainketa ere eten du. Horrez gain, argitu du ordainketa egin behar denean zatika ordaintzeko aukera ezarriko dutela. Laster emango dute zerga-egutegiaren berri. 

Adineko egoitzetako langileen kezketako bat da etxera itzultzean ingurukoak arriskuan ipintzea. Horregatik, herriko adinekoen bi egoitzetako (Otezuri eta San Juan) langileei ostatua eskatzeko aukera eskaini die. Behar hori ikusi duten lehen langileek jada egin dute eskaera, eta Tomas Apartamentuak ostatua prest agertu da bere apartamentuak doan eskaintzeko.