Koronabirusa zuen adineko bat hil da Otezurin

Baleike 2020ko api. 2a, 12:15

Suhiltzaileak Otezuri egoitza desinfektatzen, joan den astean.

Gipuzkoako egoitzen egoeraren berri eman zuen Aldundiak atzo iluntzean. Azken datuen arabera, hiru adineko zendu dira azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, horietako bat, Zumaiako Otezurin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo iluntzean emandako datuen arabera, 17 pertsonak eman dute positibo Covid-19an eta hiru lagun zendu dira azken orduetan, horietako bat, Zumaiako Otezuri egoitzan. Zentro horretako komunikazio arduradunak argitu duenez, zazpi dira konfirmatuta dituzten koronabirus kasuak, baina proba batzuen emaitzen zain dira. Aldundiarekin adostutako neurri eta protokoloak jarraitzen ari direla nabarmendu du, eta argitu du bakartuta dituztela positibo eman duten unitateko egoiliarrak. Haren hitzetan, langileak "buru-belarri" ari dira lanean, koronabirusa zentroan hedatzea saihesteko. Orain arte, guztira, 14 dira Gipuzkoan adinekoen egoitzetan hildako pertsonak. 

Aldundiak 65 egoitzetako 5.425 pertsona artatzen ditu. Atzo emandako datuen arabera, lurraldeko 12 egoitzetan atzeman dituzte koronabirus kasuak. Egoitza-sare osoan 121 pertsonak eman dute positibo: bost daude ospitaleratuta, eta 27 eraman dituzte Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora. 

Neurrietan sakontzen
Lurraldeko adinekoen egoitza sareko ordezkarien bilera izan zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuaren arabera, elkarlana ezinbestekoa da Covid-19ari aurre egiteko, "zabalkundea ahalik eta gehien kontrolatzeko". “Egoitzekin egunero-egunero kontaktua daukagun arren, beharrezko jo dugu egoitza sare osoarekin batera bilera hau antolatzea. Modu horretan, guztion artean, irakurketa oso bat egin eta Txoke Planean aurreikusitako neurrietan sakontzen jarraitu dezagun”, adierazi zuen bileran. Txoke Planaren testuinguruan garatuko diren bi neurriren berri eman zuen diputatuak: egoitzetako langileei arreta psikologikoa eskainiko dien zerbitzua, eta FFP2 osasun maskaren desinfekzio eta esterilizaziorako makinaren erosketa, zentro guztiek materiala berrerabil dezaten.

Bileran azpimarratu zutenaren arabera, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, "esfortzu handia" ari da egiten Aldundia, langileak eta egoiliarrak babesteko behar duten materiala helarazteko. Era berean, egoitzetako langile eta arduradunen "lan eskerga" nabarmendu nahi izan zuten. Gipuzkoako adinekoen egoitzetan hildako pertsonak, gaixorik daudenak eta haien senitartekoak izan zituen gogoan Peñak: "Oso une delikatuak dira, giza ikuspegitik saminez betetako uneak. Testuinguru honetan guztien aldetik jasotzen ari garen jarrera eraikitzailea dela eta eskerrak eman nahi nituzke”.