Euskal pilotariak Brasilen sukar horiaz hil zirenekoa

Koronabirusak hankaz gora jarri du kirol mundua ere. Joko olinpikoak eta futboleko Eurokopa, besteak beste, 2021. urtera atzera dituzte. Beste proba batzuk udazkenera mugitu dituzte, eta asko eta asko bertan behera utzi dituzte zuzenean. 
Covid-19arena ez da, ordea, kirolariek pairatu duten lehen epidemia. XIX. mende amaieran, adibidez, Euskal Herritik Amerikak egitera joan ziren pilotariek sukar horiaren zaztada jasan zuten, eta Europatik joandako asko bertan gelditu ziren zerraldo.

Sukar horia Brasilen puri-purian zegoenean heldu ziren euskal pilotariak Rio de Janeirora, bertako frontoietan jokatzen ziren jaialdietan parte hartzera. Ez zuten, ordea, gozatzeko aukera handirik izan. Pilotari hauetatik hiltzen lehena Angel Osa Zumaia izan zen, baina sukar horiaz ez, sukar tifoideaz hil zen. 1891eko urriaren 18an hil zen, Brasilgo lehen zesta punta denboraldia hasi eta hilabetera. 

1891ko azken egunean, abenduaren 31n, Fluminense Frontoiko konpainiak ongizateko jaialdi bat antolatu zuen Zumaia eta Vicente Otaduyen familien alde. Otaduy izan zen 1891. urte hartan hil zen bigarren pilotaria. Pedro Legarrigartu Urdanpilleta Mondragon pilotariak gaitza gainditzea lortu zuen, eta 1892. urtean utzi zuen Brasil. 

Velasco izan zen sukarragatik zendutako beste pilotari bat. Catete frontoiak kontratatuta joan zen Brasilera, eta gero Lavradioko plantillako kide izan zen. 1894. urtean bere oroimenezko meza egin zuten San Franciscoko elizan. Lagunak hiltzen ari zirela ikusita, pilotari batzuk Rio usteko erabakia hartu zuten, beldurtuta. Frontão aldizkariak eman zuen horren berri: “Esponda eta Jose Luisen heriotzaren ondoren, guztiz beldurtuta, Aduna eta Beloki pilotariek kapitala utzi zuten, eta Buenos Airesera joango zirela Equateur ontzian. Estudiantek, berriz, Portugal ontzian utzi zuen hiria”.

Datu batzuen arabera, Rio de Janeirora zesta punta denboraldia egitera joan ziren hamahiru pilotarietatik bederatzi hil ziren epidemiagatik. Fermin Iribarren pilotariak, berriz, esan zuen 18 lagun hil zirela. Horregatik, Rio utzi eta Sao Paulora joan ziren, han gaitzaz kutsatzeko aukera gutxiago zegoelako. 

Hildako pilotarien zerrenda luzea da: Angel Osa Zumaia, Vicente Otaduy, Velasco, Martin Etulain, Jose Ignacio Parodi, Aizpurua, Laulle, Mujica, Antonio Elizalde eta Ramon Gorraiz, Jose Bengoetxea Zurdo de Villabona, Martin Malkorra. Ramon Espondaren ondoren, Jose Luis hil zen. Gaitzaz kutsatu zen Laureano Toledo Sao Paulora joan zen osatzera, baina bertan hil zen. Crispin Lekunberri Errotarri, Lorenzo Otegi, eta Ramon Urbieta ere gaitza horrengatik hil ziren.

Itsasontzi estatubatuar batek sartu zuen sukar horia Brasilen, Bahia hirian, 1849. urtean. Berehala zabaldu zen gaitza bertakoen artean. Urte horretan bertan, abenduan, Navarra ontziak Bahiatik Rio de Janeirora eraman zuen gaixotasuna, eta frenorik gabe hedatu zen. Rio bertan, hiru urtetan, 1891tik 1894ra bitartean, 15.000 heriotza eragin zituela esaten da. Informazio gutxi zegoen, eta garai hartan inork ez zekien moskitoen ziztaden bidez hedatzen zela. 

Epidemiak XX. mende hasierara arte iraun zuen. Oswaldo Cruz zientzialariak gaitza desagerrarazteko kanpaina jarri zuen martxan. Lehen urteetan gorabeherak izan ziren hildakoen kopuruetan, baina 1905etik aurrera ez zen izurriterik izan, eta 1907an sukar horia desagertutzat eman zen Rio hirian.