Negozio eta proiektu txikiei digitalizatzen lagunduko die PuntuEus fundazioak

Baleike 2020ko mar. 28a, 10:00

Ostalariei, merkatariei nahiz artistei bultzada emateko sortu du laguntza programa. Webgunerik ez dute negozioek eta profesionalek urtebeterako doan eskuratu ahal izango dituzte .eus domeinua eta zerbitzaria. "Atea fisikoak itxi behar izan dituzten horiei ate berri bat, ate digitala, zabaltzen laguntzea da egitasmoaren helburua", PuntuEus fundazioko kideen arabera.

Koronabirusa dela eta, ohiko jarduera bertan behera utzi behar izan duten negozio eta proiektu txikiei digitalizatzen laguntzeko Ireki ate berri bat egitasmoa jarri du martxan PuntuEus fundazioak. Ostalariei, merkatariei nahiz artistei bultzada emateko sortu du laguntza programa, Dinahosting eta Cdmon erregistratzaileekin lankidetzan, eta jarduerak edo proiektuak digitalizatzea du xede. Horrenbestez, webgunerik ez dute negozioek eta profesionalek urtebeterako doan eskuratu ahal izango dituzte .eus domeinua eta zerbitzaria. Horrez gain, domeinu-izena duen helbide elektronikoa ere eskuratuko dute programan parte hartzen dutenek.

"Atea fisikoak itxi behar izan dituzten horiei ate berri bat, ate digitala, zabaltzen laguntzea da egitasmoaren helburua", PuntuEus fundazioko kideen arabera. Laguntza eskaerak egin daitezke dagoeneko, PuntuEus fundazioaren webgunean. Gainera, PuntuEus-ek webgune bat nola sortu pausoz pauso azaltzen duten hainbat bideo jarri ditu Youtuben herritarren eskura. Bideo horiek, Kaixomundua.eus hezkuntza proiekturako sortuak dira, baina PuntuEus-eko kideen arabera, "oso baliagarriak" izan daitezke informatika ezagutzarik ez duten eta webgunea sortu nahi duten profesionalentzat.