"Astebete daramagu lanean maskarilla bera erabiliz"

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 25a, 11:08

Adinekoen egoitzan lan egiten duen zumaiar batek BALEIKEri azaldu dio nola ari diren moldatzen egunotan babesteko material eskasiarekin.

COVID-19a gure bizitzera iritsi denetik, herritar gehienek ez dute gabezia materialik nabaritu beren egunerokoan, baina osasun arloko langileek falta dute materiala. Bere esperientzia kontatu dio horietako batek hedabide honi. Adinekoen egoitza batean lan egiten duen zumaiarra da, eta nahiago izan du bere izena publiko ez egin. Lehendik langile falta salatzen bazuten, orain egoera okertu egin da, egoiliarrak taldeka banatu dituztelako eta bi langileren artean hemezortzi pertsona zaindu behar dituztelako. Eta, horri, babesteko material falta gehitu behar zaio. «Astebete daramagu maskarilla bera erabiliz, normalean horiek tarte batean erabili eta botatzekoak direnean. Agindu digute iritsiko direla gehiago, baina ez dakigu noiz, eta bitartean bakoitzak berea gorde behar duela esan digute», salatu du. 

Berez, maskarilla gehiago badute egoitzan, baina horiek gorde beharra izan dute, koronabirus kasuak agertuko balira, behar-beharrezkoak lituzketelako. «Hala ere, ez pentsa, ez zeuden gehiegi gordetzeko ere», zehaztu du. Astearte eguerdian esan zieten maskarillak gordetzeko, eta gaurdaino. Eskularruak badituzte, horiek sarri-sarri aldatzen dituzte, baina salatu du isolamendu egoerarako betaurrekorik, txapelik eta halakorik ez daukatela egoitzan. 

Aldundiarekin kritiko


Gipuzkoako Foru Aldundiarekin da kritiko zumaiarra; «ez dira inolako laguntzarik ematen ari. Adibidez, eguneko zentroetako langileak etor zitezkeen guri laguntzera, sekulako lan karga dugulako. Lehen handia geneukan, eta orain gainez egiten digu honek». Kontatu du erabiltzen dituzten mantalak ere egoitzan bertan ari direla garbitzen. «Gure arduradunak ari dira horretaz arduratzen, eskerrak haiei». 

"Guk maite ditugu aiton-amonak"


Langileak azpimarratu du neurri zorrotzak hartzen ari direla, lanera sartzerakoan tenperatura hartuz etab. Baina kezka badute. Eta karga fisikoaz gain, karga psikologikoa nabarmendu nahi du. «Guk maite ditugu aiton-amonak, eta ez genuke inolaz ere nahi gugatik gaixotzerik. Beti kontuz-kontuz ibiltzen gara haiekin eta beldur puntuarekin». Egoiliarren senitartekoei ere nahi izan die mezua bidali: «Esan nahi diet ehuneko ehuna ematen ari garela aiton-amonengatik eta lasai egoteko».